Egunean zehar hainbat ekimen egingo dira 11:00etatik arratsaldeko 18:00etara Santiago plazan
Euskara ikasten ari direnei hizkuntza erabiltzeko aukerak eta guneak erraztea helburu duen Mintzagun egitasmoaren testuinguruan antolatu dute egun osoko festa eskualdeko euskaltegiek, Prest! Euskara Taldeak eta Oarsoaldeko Euskara Batzordeak.
Jaiari goizeko 11:00etan emango zaio hasiera. Bi bisita gidatu egingo dira alde zaharrean barrena ikasleekin; Santiago plazatik abiatuta bata eta Bizkaia auzotik abiatuta bestea. Bisita hauek Pasaiako Udal Euskaltegiko eta Antxoko Txirrita AEK-ko bina ikaslek gidatuta egingo dira.
Ordu berean,Santiago plazako ontziralekutik abiatuta, bi itsas paseo egingo dira, ordu erdikoa bakoitza. Bisita gidatu eta itsas paseo bakoitzean 25 plaza izango ditugu. Bertan parte-hartzeko eskualdeko euskaltegietan izena eman beharko dute interesa dutenek.
12:00etan, Prest! Euskaraz Bizitzeko ekimenaren mosaiko-ekitaldian parte hartuko dugu denok.
13:30eanbeste bi itsas paseo eta beste bi bisita gidatu (25 lagun bakoitzean) egingo dira Pasai Donibaneko alde zaharrean barrena. Itsas paseoak Santiago plazatik abiatuta egingo dira.
14:30ean, herri bazkaria egingo da Santiago plazan*. Bertan bazkaldu nahi duenak aurrez erosi beharko du Mintzagun zapia* euskaltegi batean edo Donibaneko Remos eta Ontziola jatetxean. Zapiak bazkaltzeko (edaria eta kafea salbu) eskubidea emateaz gain, establezimendu desberdinetan beherapenak, onurak eta eskaintza bereziak baliatzeko aukera emango du: Yola Berri, Remos, Arkupe Berri, Ziaboga eta Ontziola.
Bazkalondoan Xabi San Sebastianen kantaldia izango da, eta bertaratutako guztiek kantuan aritzeko aukera izango dute.
Antolatzaileek festa honetan parte hartzera deitu nahi dute eskualdeko jendartea. Giro ederrean eguarte-arratsalde polita pasatzeko aukera izango baita, aspaldiko lagunak ikusi eta euskaraz gozatzeko. Zatozte hilaren 25ean Pasai Donibanera!!!
Oharrak:
- Eguraldi txarra egingo balu, bazkaria Pasaia-Lezo Lizeoko jangelan egingo litzateke.
- Jaiak bereizgarri izango duen zapi bat aterako dugu. Zapia daramanari beherapenak egingo dizkiote Yola-Berri, Remos, Arkupe Berri, Ziaboga eta Ontziola tabernetan.