Izen-emateak gorazko joerarekin jarraitzen du eta iaz baino 22 gehiago ariko dira aurten
Kuadrillategi egitasmoa martxan da. Aurten, 132 gaztek eman dute izena, iaz baino 22 gehiago. Talde jendetsuenak DBH 1 eta 2.mailakoak dira, 45 eta 48 gazteekin. DBH 3ko taldea 32 lagunek osatzen dute, DBH4koa zazpik.
Ostiralean (urriak 2) egin zen ikasturtearen aurkezpena Gezalan. Hezitzaileak aurkeztu eta saioak non eta noiz izango diren azaldu zitzaien gazteei. Ondoren, taldeka elkartu eta funtzionamendurako beharrezkoak diren datuak jaso zituzten. Aurkezpena jolasekin bukatu zuten.
Ikasturte honetan, iaz bezala, saioak ostiraletan egingo dira. DBH1ekoak Pasaia Lezo Lizeoan elkartuko dira eta DBH2 eta DBH3koak Lezoko Herri Eskolan. Hiru maila hauetako taldeek betiko lez tailerrak, jolasak, txangoak eta antzeko ekintzak egingo dituzte.
DBH4koak, berriz, AEKn elkartuko dira eta beraiek aukeratutako proiektu baten inguruan ariko dira. Hezitzaileak bidelagun edukita, baina beraien kaxara, gazteen ardura izango da proiektua aurrera ateratzea.