“Euskaraz dotoreago” kanpaina Lezon

Az, 2016-05-11 11:40

Lezoko Udalak, Oarsoaldeko beste udalekin batera, arropa denda eta mertzerietan euskara sustatzeko kanpaina abiarazi du

Lezoko Udala, Oarsoaldeko gainerako udalekin batera, “Euskaraz dotoreago” kanpainan murgildu da. Horrela, bezeroei zuzenduriko ohar eta idatziak euskaraz bistaratu ahal izango dira arropa denda eta mertzerietan, aurten aukeratu den sektorean. Halaber, kanpainaren kartela urte amaiera arte bistan izan beharko dute.

Lezoko Udalak, Oarsoaldeko udalekin, 19 urte daramatza merkataritzan eta ostalaritzan elkarlanean euskararen normalizazioa sustatzen. Aldian-aldian, euskara zerbitzutik teknikaria joaten da bisitan laguntza eskaintzera. Helburua dendetan euskararen presentzia handitzea da.

Guztira lau ekimen prestatu dira sektoreari begira. Horrez gain, herri bakoitzean gune, kale edo eremu bat hautatu da hango dendetan sakonago eragiteko asmotan. Sektoreaz gain, aukeratu den eremuan esfortzu berezia egingo da. Lezon Zubitxo eta Donibane kaleek osatzen duten ardatza aukeratu da, guztira 34 establezimendu.

Kanpainan parte hartuko duten arropa denda eta mertzeria kopurua 90 ingurukoa da. Lezon sektore horretako denda guztiek hartuko dute parte, hiruk, Pasaian hogeik, Oiartzunen hemezortzik eta Errenterian berrogeita zortzik.

Kanpaina
Egitasmoak fase ezberdinak izango ditu. Maiatzean ekimenean parte hartu nahi duten arropa denda eta mertzeria guztiei idatzi eta oharrak euskaratuko zaizkie. Halaber, kartelak banatuko dira hil honetan zehar. Ekainean, aldiz, oihalezko poltsak banatuko zaizkie kanpainako irudiarekin eta leloarekin bezeroei opari emateko. Denda bakoitzean 30 ale inguru uztea aurreikusten da.

Udazkenean, irailaren 21etik urriaren 21era, zozketa egingo da ekimenean parte hartzen ari diren eta barnealdeko jendaurreko idatzi, ohar nahiz elementuak euskaraz  dituzten eta hala nahi duten establezimendu guztietan. Horrez gain, 10 €ko hiruna deskontu bale emango zaizkie denda bakoitzari, zeinak erosketa euskaraz egiten duten hiru lehenengo bezeroek jasoko dituzten.

Azaroaren azken astean eta abenduko lehengoan eguberrietako kanpainarekin bat eginez, “Euskararen paparazziak” izeneko argazki lehiaketa egingo da eskualdean. Euskara, merkataritza eta eskualdeko denda bat lotuz bi argazki onenak izango dira sarituak. Lehiaketarako oinarriak udal euskara zerbitzuetan eta web gunean jarri dira eskuragarri. 

Lezo eta Oarsoaldeko gainerako Udaletatik arropa denda eta mertzeriak zein horien bezeroak ekimenean parte hartzera animatu nahi dira. Dendaren batek proiektuan parte hartu edo argibideren bat jaso nahi badu herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du. 

Arloa edo saila