Lezon, inguruetako herrietan bezala, gero eta gazte lokal gehiago dago. Egun, 8 lonja baino gehiago daude eta haietan 100 gazte inguru batzen da. Lonjak gazteen aisialdirako gune garrantzitsuak dira eta, hortaz, lonjen baldintzak eta erabilera arautu beharra ikusi du udalak.Alde batetik, gazteen segurtasuna eta erosotasuna bermatu nahi dira, eta bestetik, auzotarrekin elkarbizitza ona edukitzea, zarata- eta higiene- neurriak zehaztuz.
Lonjen inguruko araudia osatzeko, beste herri batzuetako ordenantzetan oinarrituta, udalak zirriborro bat prestatu du. Zirriborro hori gazteei eta lokalen jabeei eman zaie beraien ekarpenak egin ditzaten. Martxoaren 7an elkartuko dira udal ordezkariak gazteekin eta jabeekin beraien ekarpenak entzun eta puntu desberdinak adosteko.
Segurtasuna eta erosotasuna jomugan
Udalak prestatutako zirriborroaren arabera, lokal horietan ezingo da gazteen aisialdiarekin zerikusi zuzena ez duten jarduerarik burutu, ez eta gogaikarriak direnak edo debekatuta daudenak. Debekatuta egongo da, halaber, ezer saltzea edo erostea lokal hauetan. Sukaldea jartzea eta erregaiak biltegiratzea eta kontsumitzea ere debekatuta egongo da, berogailuentzako erabiltzen dena salbu.
Azpiegiturei dagokienez, lokalek argia, ura, komuna, larrialdietako argiak eta su-itzalgailua egoera onean eta araudi guztiak betetzen dituztela eduki beharko dituzte, baita lehen laguntzetarako botikina ere. Erantzukizun zibileko asegurua ere beharko du lokalak. Gutxieneko estaldura 100.000 €takoa izan behar da. Aseguru horrek erabiltzaileak eta hauen ondasunak babestu behar ditu, edozer gertatuta ere; hirugarrenekoek ere babes bera izango dute.
Azkenik, lokalek alokairu edo erabilia izateko lagapen kontratua izan behar dute, jabeek eta erabiltzaileek izenpetuta. Adingabeen kasuan, horien ardura dutenek izenpetuko dute kontratua.
Bizikidetzaren aldeko neurriak
Zarata izan ohi da lonjen erabiltzaileen eta erkidegoaren arteko gatazka nagusiaren jatorria. Lokal hauen inguruan sortzen den zikinkeria ere izan daiteke gatazka-eragile bizikidetzan. Horregatik, ordenantza honek soinu-mugak jarriko ditu, baita lokalaren erabileraren ordutegia arautu ere.
Bestetik, zehazten da ez dela atalondo bakoitzeko lonja bat baino gehiago irekiko erkidegoetan arazoak pila ez daitezen.
Azkenik, lokala erraz garbitzeko modukoa izan beharko dela eta zaborra kaleko edukiontzietara atera beharko dela arautzen da.
Ordenantzan jartzen diren arauak betetzen direla ziurtatzeko eta lokalen zerrenda eguneratuta izateko, udalak urtero ikuskatuko ditu lokalak.