“Dominazio-sumisio harremanean..."

Or, 2015-10-09 12:36

Clara Wolfram urriaren 13an Lezoko Kultur Aretoan izango da erotismoaz hitz egiten; 16:00etan euskaraz eta 18:00tan gazteleraz

Gizarte Zerbitzuak sailak antolatuta, datorren asteartean, urriak 13, Clara Wolfram Kultur Aretoan izango da “Erotismoa eta tratu onak harremanetan” hitzaldia ematen (16:00etan euskaraz, eta 18:00etan, gazteleraz). Publiko zabalari zuzendutako hitzaldia izango da, eta besteak beste, bikote erlazioan hainbat mito matxistetaz askatu behar direla aldarrikatuko du.

Nondik nora sortzen da hitzaldia emateko gonbitea?
Sexualitatean eta berdintasunean formatu nintzen unibertsitatean, eta handik abiatuta pertsona gazte eta helduekin lan egiten dut. Gazteekin eskoletan, sexu hezkuntza eta tratu oneko harremanak lantzen, eta helduekin erotismo eta garapen pertsonaleko tailerrak ematen. Erotismoaren bizipena oso garrantzitsua da pertsona guztientzako. Onuragarria izan daiteke, geure burua maitatzeko eta besteekin konektatzeko edo justu kontrakoa, bizipen zaila eta frustrantea ere izan daiteke. Garai batean kontu hauetaz ez zen ia hitz egiten, eta norberaren baitan gelditzen ziren, sekretu eder edo astun baten modura. Alta, bada zer egin gure bizitza erotikoa eta gure harremantzeko moduak hobetzeko, baina parekidetasunetik abiatu behar da, berdintasunezko harreman batetik.

Zein publiko motari zuzendutako hitzaldia da?
Adin guztientzako da hitzaldia, gazteetatik 99 urteetara! Erotikoak gara jaiotzez eta erotiko izaten jarraitzen dugu hiltzen garen arte. Gure amonek ere bizitza erotikoa dute!

Zein mezu nagusi helarazi nahi dituzu hitzaldiarekin? Zergatik?
Erotismoaren bizipena askea eta parekidea bada, pertsona biek garrantzi eta askatasun berdina badute, eta norberaren izaera berezia onartzen bada, edozein jolasera jolastu dezakegu. Baina horretarako hainbat mito matxistetaz askatu behar gara. Plazera ez da ematen den zerbait, norberak badu berea, eta erabat partikularra da. Erotismoa espektatibez askatu behar dugu, helburua ezin da izan bestea orgasmora ailegatzea. Sarketaren "derrigortasuna" ere zalantzan jarri behar dugu. Erotismoa askoz lurralde zabalagoa izan daiteke. Gorputza da gure pentsamenduen, gure sentsazioen eta desioen lurraldea; sentikorra eta ederra.

Tratu ona zainduz gero, gure bizipen erotikoa aberastu daiteke. Komunikazioa oso inportantea da, nola adierazi nik nahi dudana, zuk nahi duzuna. Aliatuak izan gaitezke harreman erotikoetan.

Hitzaldiaren izenburua irakurrita, interpreta daiteke erotismoa eta tratu onak beti ez doazela eskutik. Horrela da?
Horrela da, bai. Gaur egungo irudien merkatuan "erotizatzen" dena, bero-bero jartzen duena, ez da gure aiton-amonen gazte garaietatik askorik aldatu, eta ez da tratu onekoa. Agian okertu ere egin da, gorputzak gero eta gehiago objektualizatzen direlako, bereziki emakumeenak. YouTuben topatu ditzakegun irudi erotikoak izugarri erotizatzen dituzte dominazio-sumisio harreman matxistak, non gizonaren boterea azpimarratzen den, eta emakumeen objektualizazioa etengabe errepikatzen den. Egungo literatura erotikoan ere tendentzia hor dago, dominazio-sumisio harremanak "erotizatuta" daude. Irudi horiek gure fantasian instalatzen dira, baina errealitatera eramanda ez digute mesede handirik egiten, ez emakumeei eta ez gizonei ere ez.

Bestalde, harreman batean tratu ona ez dagoenean, inkomunikazioa eta enpatia falta instalatzen direnean, harreman erotikoa saihesbide modura erabili daiteke, modu bat lotura mantentzeko, baina konpondu beharrekoa konpondu gabe. Kasu horretan, gainera, zailagoa izaten da norberak ondo identifikatzea harremanean zer gertatzen ari den, konfusio emozionala sortzen delako.

Erotismoa garrantzitsua da bikote harreman batean? Bikote harremana sendotzen lagundu dezake?
Erotismoa oso garrantzitsua da bikote harreman batean, lotzen gaituen afektua eta maitasuna arnasteko unea eskaintzen digu, fusioa sentitzeko aukera. Norbera nola dagoen bizitzeko eta adierazteko tartea ere bada. Bost zentzumen piztu eta gure alde arrazionalagoa itzaltzen da tartetxo batean. Baina kontrakoa ere sentitu daiteke harreman erotikoan, bi pertsonen artean sortu den distantzia. Gorputzek ez dute gezurrik esaten, gorputzen hizkuntzan dagoena agertzen da. Erotismoan ere adierazten dira bikoteen krisiak, harremanari dagozkion krisiak. Hala ere inportantea da onartzea norberaren desioa ez dagoela beti berdin, eta ez gaude beti gogo fusional batean. Hori baldin bada harreman erotikoaz espero duguna, errealitatearekin talka egingo dugu, ezinezkoa baita bi pertsonek beti nahi berdina izatea.

Pentsatzen dut hitzaldia beste herri batzutan eman duzula. Nolako harrera izan du? Zein publiko mota gerturatu da?
Egia esan tailer asko eta hitzaldi gutxi eman izan ditut. Hala ere emandako hitzaldietan harrera gertua izan dut, jendeak parte hartu du. Azken finean, erotismoa guztion bizitzan dago, baina gutxitan aipatzen da. Erotismoaren dimentsioa norberaren bizitzan zinez inportantea da, baina oraindik askotan tabu izaten da. Alta, bakardadean edo modu konpartituan, guztiok ditugu bizipen edo fantasia erotikoak, eta horiek garrantzi handia dute gure buru-estimuan, gure zoriontasunean. Tratu ona baldin badago gure harreman erotikoetan, pilak berkargatzeko balioko digu. Eta ez genuke inoiz sentitzen ez duguna egingo. Tratu oneko erotismoak, estereotipo eta espektatibarik gabekoak, bizipoza pizten du!

Lezo Berdintasun Plana garatzen ari da. Zein paper jokatzen dute gizonezkoek eta emakumezkoek erotismoaren esparruan?
Harreman erotikoan harremanean ematen dena islatzen da: parekidetasuna edo horren falta; komunikazioa eta errespetua, edo kontrakoa. Parekidetasuna ez da intentzio bat, baizik eta praktika erreal bat. Intentzio soilarekin ez ditugu emakume eta gizonen arteko harremanak aldatzen. Aldaketa eguneroko praktikan eman behar da, ohean eta sukaldean, haurrak altxatzerakoan edo bilobak eskolara eramaterakoan. Denboraren erabileran, lanen eta arduren banaketa errealean, hor eman behar da parekidetasuna. Eta zergatik ez, erotismoan ere aldaketa eman behar da, jende gazte, heldu eta adinekoen artean ere bai. Azken finean, gure aiton-amonen gazte garaietan, ez zen planteatzen emakumeok gure sexualitateaz libreki gozatu behar genuenik, gorputza nonbait senarrarena zen, eta sexua gizonen plazererako planteatzen zen. Eredu hori irauli da, baina oraindik gehiago irauli behar da.Emakumeen arteko edo gizonen arteko maitasun eta sexu harremanak, harreman lesbikoak eta homosexualak, ez zuten zilegitasunik jendartean, hetero-araua inposatzen zen, eta hori ere oraindik irauli behar da. Eskoletan ikusten dut sexu aniztasuna ez dagoela normalizatuta, oraindik horretan lan egin behar da.


 

Arloa edo saila