Bihar egingo da, arratsaldeko 18:00etan Kultura aretoan
Pasa den urrian Lezoko Udalak eta Gaxuxa Emakume Taldeak bultzaturik, Emakunde eta Oarsoaldeako laguntzarekin eta Errenteria, Pasaia eta Oiartzungo Udalaren kolaborazioarekin, Oarsoaldean emakumeentzat egon daitezkeen puntu ilunak identifikatzeko prozesu partehartzailea jarri zen martxan.
Eskualde osoan zehar 7 lantalde sortu ziren –Internet bidez ere jaso ziren ekarpenak– gure herrietan emakumeentzako arriskutsuak izan daitezkeen, arrisku sentsazioa edo deserosotasuna sortu dezaketen gune eta tokiak azalarazteko helburuarekin, eta, azken finean, espazio horiek desagerrarazteko pausuak emateko asmoarekin.
Bihar, martxoak 16, emaitza nagusiak ezagutaraztera emango dira 18:00etatik aurrera Kultura aretoan. Bertan, Lezon identifikatutako tokien inguruko azterketa egingo da eta eskualdean identifikatutako arazo nagusien berri emango da.
Guztira, hirurogei tokitik gora identifikatu dira eskualdean; maila handi batean, argiztapen gutxiegi duten toki bakarti edota ezkutalekuz inguratuak dira. Eta tokiak identifikatzeaz batera, horiek desagerrarazteko edo sortzen duten segurtasun ezaren sentsazioa leuntzeko proposamenak ere jaso dira.