Hilabete honetan zehar hainbat landaketa eta baso-lan burutu dira Lezoko udalerrian; zehazki, Olatzar erreka inguruan, Altamirako parkean eta Jaizkibel mendian.
Olatzar erreka inguruan(San Pedro auzoan) zenbait platanondo kimatzen ari dira egun hauetan. Baso-lan horiek Lezoko udal baratzeen proiektuarekin daude lotuta, eta eremu hori egokitzen hasteko lanak dira. Kimaketa horietatik ateratzen den egurra baratze-eremuan erabiliko da ondoren, eta, bide batez, erreka-ertzean bertako landareak landatzeko tokia utziko da.
Altamirako parkean100 zuhaitz eta zuhaixka landatu dira, “Altamirako parkean ingurumen-hobekuntza” deritzon proiektuarekin lotuta. Proiektu horren ekintzetako bat izan zen 106 metroko linea elektrikoa lurperatzea (2011ean burutu zena); horrekin 40 zuhaitz inguru moztea ekidin zen, parkearen bioaniztasuna kontserbatuz. Orain burutu den landaketa erabat soildua zegoen eremu batean egin da, Tomas Garbizu kalera ematen duen magalean. Landatu diren espezieak hurrengo hauek dira: astigarra (Acer campestre), urkia (Betula pendula), hurritza (Corylus avellana), elorri zuria (Crataegus monogyna), zumalakarra (Frangula alnus), lizarra (Fraxinus excelsior), gorostia (Ilex aquifolium), erramua (Laurus nobilis) eta basaerramua (Euonymus europaeus). Gainera, landare inbaditzaileei aurre egiteko asmoz, Reynoutria japonica azaltzen den eremu batean hurritzak eta sahatsak landatu dira, landare inbaditzaileari itzala emateko eta bere hazkuntza saihesteko.
“Altamirako parkean ingurumen-hobekuntza” proiektuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren dirulaguntza jaso du. Dirulaguntza hori parkearen bioaniztasuna hobetzeko lortu den bigarrena da, izan ere, 2010ean ere hainbat landaketa eta landare inbaditzaileen aurkako ekintza burutu ziren eremu berdinean beste dirulaguntza baten bitartez.
Jazkibel mendian 2.000 ametz (Quercus pyrenaica) inguru landatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaritzak. Landaketa Gaintxurizketa inguruan egin da, Onura Publikoko Mendi eremuaren barruan. Iaz pinudia soildu eta bakandu zen eremuetako batean burutu da orain landaketa, izan ere, aurrez egindako baso-lanen jarraipena da landaketa hori. Ekintza horiek guztiak “Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoko biodibertsitatea eta tokiko loturak hobetzea” proiektuaren parte dira. Lezoko Udalak bultzatutako proiektu horren helburu nagusiena bertako basoa berreskuratzea da, eta ekintzak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza saileko dirulaguntza jaso zuen 2009an.