Ikasturte honetan (2011-2012) Lezo Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ikasleek Bioaniztasuna landu dute Eskolako Agenda 21 hezkuntza programan. Ohikoa den bezala, udako oporren aurretik, urtean zehar landutakoa aurkeztu diete udal ordezkariei Gezala Aretoan ospatutako udala-eskola foroan.
Aurtengoan, gaiaren zabaltasuna kontuan izanik, argi erakutsi dute, animalia eta landarediaz gain, biodibertsitateak beste ikuspegi anitzak dituela. Honela, ikaskide, guraso eta senideak ere aztergai jarri dituzte aurtengoan: jatorria, hizkuntza, altuera, eta beste hainbat aspektu aztertu dituzte.
Ikasle konprometituak
Egindako lanaren ondorio gisa, bi eskoletako ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte, bere esparruan, bioaniztasuna hobetzeko. Besteak beste, honakoak izan dira aipatutako konpromisoetako batzuk:
“Animalia zein landare exotikoak erostea saihestuko dugu, inbaditzaile bihurtu eta gure ekosistemetan kalteak eragin baititzakete”
“Kultura eta hizkuntza aniztasuna biodibertsitatearen parte bezala ulertzen ditugu, eta, horrenbestez, kontserbatu beharreko ondaretzat hartuko ditugu”
Era berean, herri mailako beharrei aurre egiteko, udal ordezkariei hainbat eskaera egin dizkiete: udalak bioaniztasunaren kontserbaziorako hasitako bideari jarraitzea, tokiko bioaniztasuna arriskuan jar dezaketen kanpo-kaiaren edo Lezo-Gaintxurizketa plataforma logistikoa bezalako proiektuen eraikuntza ekiditea, eta korridore ekologikoak definitu eta garatzea, besteak beste.
Datorren ikasturtean, hondakinak
Saioari amaiera eman aurretik, ikasleek datorren ikasturtean helduko dioten gaia zein izango den jakinarazi dute: Hondakinak. Izan ere, udalak atez ateko bilketa sistemarekin bat egin duela-eta, ikasleek, herriko eragile diren heinean, kudeaketa sistema berri horren ezarpen prozesuaren partaide izan nahi dutela adierazi dute.
Leire Beteta Ingurumen Teknikariak eta Eneko Lartige Ingurumen Zinegotziak arretaz entzun dute ikasleek egindako aurkezpena, eta beraien lana oso positibotzat hartu dute. Orain eskoletatik jasotako eskaerak aztertuko dituztela adierazi dute biek, eta datorren ikasturte hasierarako erantzun bat emateko moduan izango direla.