Pinudia bakantzeko eta bertako landaretzaren hazkundea bultzatzeko lanak egin dira Lezoko herri-lurretan 2012ko azaroa eta abendua bitartean.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Habitatak kudeatzeko zerbitzuaren zuzendaritzapean eta La Caixak ordainduak gizarteratze programaren barruan egin dira lan horiek.
Hobekuntzak zortzi hektareatan zehar
Jaizkibeleko mendi publikoko 8 hektareetara zabaldu dira lanak, bi eremu nagusietan: bata, Hondarribiarekin mugan dagoen 5 hektarea inguruko partzelan, eta, bestea, mendi gailurraren azpian gelditzen dena.
Lehenengo eremuaren kasuan, Pinus pinaster espeziearen pinudi itxia izanik, egindako lanak batez ere pinudi horren bakanketa izan da, zuhaitz kopuruen %30etik %50era moztuz eta kimaketak eginez.
Bigarren eremuanaldiz, pinudi irekiagoa dago eta, hortaz, ametzak (Quercus pyrenaica) ari dira pinuen azpian hazten. Hori dela eta, egindako lanak pinudiaren bakanketa selektiboa izan da, bertako zuhaitz horren hazkuntza errazteko.
Iazko lanen jarraipena
Natura 2000 Sarean dagoen Jaizkibelen egindako lan horiek, Lezoko Udalak azken urteetan bultzatutako lan-ildoarekin bat datoz. Izan ere, iaz antzeko lanak ere egin zituzten bi erakundeek elkarlanean, Eusko Jaurlaritzako eta La Caixako dirulaguntzak baliatuta.