Hondakinak eta Kontsumo Arduratsua hizpide Lezoko Eskolako Agenda 21en ikasturteko lehen foroan
2012/2013 ikasturte amaieran, Lezoko Eskolako Agenda 21 programan parte hartu zuten ikasleek hondakinak eta kontsumo arduratsuarekin zerikusia zuten hainbat eskaera aurkeztu zizkioten Udalari, besteak beste: hondakinen murrizketa, berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko kanpaina gehiago egitea, bilketa sistema berriaren emaitzei buruzko informazioa erraztea, hondakin berezientzako (pilak, olioa, etab.) edukiontziak herriko gune gehiagotara zabaltzea eta abar.
Udaleko ordezkariak eskaera hauek aztertzen jardun dute eta atzokoan, ikasturte honetako lehen foroa ospatu dute Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleekin. Programan parte hartzen duten 663 ikasleen ordezkaritza batek Udaletxeko Pleno Aretoan adi entzun dituzte Leire Betetak (Udaleko Ingurumen Teknikaria) eta Eneko Lartigek (Ingurumen Zinegotzia) emandako erantzunak. Besteak beste, informazioa errazteko udalaren webguneko hondakinen atala etengabe eguneratzen dela; harategi eta arrandegietako hondakinak murrizteko Ontziratu zaitez! kanpainan parte hartzen ari direla; eta etxean konposta egiten dutenek datorren urtean hobariak izango dituztela jakinarazi diete.
Dagoeneko eskarmentua dute Lezon, izan ere aurtengoan seigarren urtea da Lezoko Udalak eta ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programa garatzen dutena. Honez gero, ura, energia, hondakinak, biodibertsitatea eta kontsumo arduratsua aztertu dituzte eta, bai eskolan, herrian, zein etxean, hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte.
Ikasturte honetan, Kontsumoa arduratsua eta Hondakinak izango dituzte hizketa-gai. Egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, maiatza aldera berriz ere elkartzea aurreikusten dute ikasleek.
Amaitzeko, aipagarria da Lezoko web orrialdean, Eskolako Agenda 21 atalean, programaren informazio eguneratua jasotzen dela. Bertan, besteak beste, urtez urte landutako gaien inguruko informazioa kontsulta daiteke.