Bi urte beteko dira laster Baratza Parkearen egitasmoa martxan jarri genuenetik. Hasierak beti izaten dira korapilatsuak, baina egitasmoa arrakastatsua izaten ari da, eta egun, San Pedro auzoaren atzealdean dauden 64 baratzetatik 62 esleituta daude. Kontxi Muñoz eta Inma Larrañaga bertako erabiltzaileak dira; bigarrena Eudes Fundazioko Harrera Etxeko neska-mutilekin joaten da.
Ia bi urte pasa dira Baratza Parkea martxan jarri zenetik. Nolako balorazioa egiten duzue?
Kontxi Muñoz: Prozesua korapilatsua izan da. Baratza Parkeak esleitu zirenetik erabiltzaileok lehenengo bilera egiteko elkartu ginen arte bederatzi hilabete pasa ziren, eta tarte horretan gure kaxara moldatu behar izan dugu. Nire kasuan, gainera, lehenengo esperientzia izan da.
Inma Larrañaga: Eskerrak hilean behin Ekoguneko ikuskariak etortzen zirela gure zalantzak, kezkak eta abar argitzera. Bisita horiek oso aberasgarriak izan dira, eta asko ikasi dugu.
Zergatik eman zenuten izena?
K.M.: Nik etxeko balkoian tomateak landatzen nituen, eta Baratza Parkearen berri izan nuenean, ez nuen bitan pentsatu.
I.L.: Komunikabideen bitartez jaso genuen egitasmoaren berri, eta taldeko bileran aztertu ondoren, interesgarritzat jo genuen. Gure helburua da zentroko gazteei komunitateak sortu duen baliabide bat eskaintzea. Hezkuntza mailan, integrazio mailan, garapen pertsonalean, ikuspegi sozialetik, hots, edozein Ikuspegitik oso positiboa da.
Hasierako espektatiba horiek betetzen ari dira?
I.L.: Baietz esango nuke. Barazkiak landatu eta fruituak jaso dituzte, eta lanak bere ordaina duela ikasi dute. Bestetik, hezkuntza mailan, adibidez, oso interesgarria izaten ari da. Baratzeko lanaz haratago, konpromisoen eta erantzukizunen kudeaketan urrats bat ematen lagundu digu.
K.M.: Nire kasua pertsonalagoa da. Hasiera gogorra izan zen, baina lehenengo letxugak, lekak edo-eta tomateak jasotzen dituzunean gainontzekoa ahaztu egiten da. Oso gratifikantea izaten ari da.
Eta nolakoak dira zuen baratzeko produktuak?
K.M.: Mundialak! Sentsazio ikaragarria da, deskriba ezina. Jakiak dastatzen zaudenean egindako lanaz oroitzen zara, eta horrek balio bikoitza ematen dio jaten ari zaren horri.
I.L.: Erabat ados Kontxik esaten duenarekin. Produktuen kalitatea nabarmenduko nuke, ezin hobeak baitira gure baratzeko produktuak. Eta emaitza garrantzitsua izanik, zentroko neska-mutilek Baratza Parkeko baloreak nola barneratzen dituzten ikustea satisfakzio bikoitza da.
Baloreak diozu. Onurak ere nabarmendu nahiko nituzke: norberarenak, ingurumenaren zaintza, aisialdia, harremanak...
K.M.: Herritarroi espazio berri bat eman digute, aisialdirako espazio bat, eta gainera, produktiboa. Zer gehiago eska dezakegu? Horreraz gain, auto-konposta egiteko baliatzen dut.
I.L.: Ingurumenaren zaintza nabarmendu nahiko nuke, kontsumo ekologikoa edo-eta tokian tokiko kontsumoa ahaztu gabe. Hori guztia baratza parkearen filosofiaren baitan dago, eta kontu horiek bultzatzea oso positiboa dela iruditzen zait.
Baratzezainen elkartea ere sortu duzue. Jendea ezagutzeko eta harremanak sakontzeko helburua ere bazegoen.
K.M.: Bai, hori ere azpimarratuko nuke. Maiztasun handiarekin etortzen garen erabiltzaileon artean sortu da halako harremana. Niri oso ongi etorri zait, ikasten ari naizelako. Hemen badago jendea esperientzia handia duena, eta horiengatik ikastea luxu bat da. Gainera, pertsonak ezagutzeko balio du. Giro polita sortu da. Herrian bistaz ezagutzen dudan jendearekin harremanak sakontzeko aukera eman dit, eta aurreiritziak baztertzeko.
I.L.: Belaunaldi ezberdineko erabiltzaileon artean sortu den harreman-giro hori nabarmenduko nuke nik. Auzolanaren ispiritua dago baratza parkean.
K.M.: Materiala konpartitu beharra dago, eta sortzen dituen konfliktoak kudeatzen ikasi dugu. Eta hori ere aberasgarria da.
Beharrezkoa ikusten duzue elkartea?
I.L.: Sortze prozesua arrotza egin zaigu, baratza-lanak eskatzen duenetik kanpo geratzen baita.Baina era berean, halako egitura minimo bat izatea beharrezkoa dela uste dut, eta lagunduko duelakoan nago.
Momentu honetan 62 baratza esleituta daude eta bi dira libre daudenak. Zer esango zeniekete herritarrei Baratza Parkean izena emateko?
K.M.: Ba, anima daitezela. Baratzean esperien-tziarik ez dutelako zalantzan dauden horiei izena emateko esango nieke, eta frogatzeko. Ez dira damutuko.
I.L.: Baratza Parkean zure aisialdiaz gozatzea plazer ikaragarria da. Giroa oso atsegina da, dibertigarria, erlaxagarria… oso gomendagarria. Baina nik esatea baino hobea da hona etorri eta frogatzea.
Amaitzeko, ezer behar al duzue?
K.M.: Ba, eskatzen hasita, iturria, batez ere udan.