Eskolako Agenda 21: ikasleak udaletxera

Az, 2015-10-28 11:27

Elikadura eta hondakinak landuko dituzte Lezoko ikasleek Eskolako Agenda 21 programaren baitan

Urtero ohi bezala, Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua eta Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen ordezkariak Udaleko Pleno izan dira ikasturte honetako Eskolako Agenda 21en lehen udal-foroan. Izan ere, 2014/2015 ikasturte amaieran, Lezoko Eskolako Agenda 21 programan parte hartu zuten ikasleek elikadura jasangarriari buruzko hainbat eskaera aurkeztu zizkioten Udalari, besteak beste: bertan ekoiztutako produktuak sustatzea, azukreak osasunean eragiten dituen kalteen inguruko informazioa zabaltzea, tokiko eta garaian garaiko produktuen kontsumoa bultzatzeko kanpaina gehiago egitea, …

Programan parte hartzen duten 800 bat inguru ikasleen ordezkaritza batek Udaletxeko Pleno Aretoan adi entzun dituzte Xubero Ubillos (Ingurumen-zinegotzia) eta Leire Betetak (Udaleko Ingurumen-teknikariak) emandako azalpenak. Leirek adierazi dienez, Udala, antolatzen dituen ekimenetan iraunkortasun irizpideak aplikatzen saiatzen da, besteak beste, iazko Kontsumo Arduratsuaren azokan bezala, mokadutxoak egiteko bertako produktuak erabiliz; Kutxa-Ekogunearen Garaikoa aplikazioaren berri eman die, garaian garaiko barazkiak zeintzuk diren jakiteko tresna; …

Dagoeneko eskarmentua dute Lezon, izan ere aurtengoan zortzigarren urtea da Lezoko Udalak eta ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programa garatzen dutena. Honez gero, ura, energia, hondakinak, biodibertsitatea, kontsumo arduratsua eta Elikadura Jasangarria aztertu dituzte eta, bai eskolan, herrian, zein etxean, hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte.

Ikasturte honetan, Elikadura eta Hondakinak izango dituzte aztergai eta egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, maiatza aldera berriz ere udaletxean elkartzea aurreikusten dute ikasleek.

2014-2015 IKASTURTEAN LEZOKO IKASLEEK UDALARI ELIKADURA JASANGARRIAREN INGURUAN EGINDAKO ESKAEREN ERANTZUNAK  


Astean zehar ospatzen den azoka mantentzea eta, ahal bada, herriko eta inguruetako ekoizle gehiago ekartzea

Tokiko kontsumoa sustatzea udalaren irizpideetako bat da eta asteroko azoka ospatzeko aukera ematen jarraituko die bertan postua jarri nahi dutenei. Halere, ekoizle gehiago nola erakarri aztertu beharko genuke, izan ere, askotan ekoizleek jende gutxi dagoela eta gutxi saltzen dutelako ez dute parte hartu nahi izaten.

Azokaz gain, Lezon ekoiztutako zenbait produktu ere saltzen dira herriko denda batzuetan. Gainera, Urrulloko parke agroekologikoari esker, Lezon ekoiztutako produktu kopurua igo egin da urte honetan zehar.

Hori guztia jakinik, Behemendi Landa Garapenerako Elkartearekin harremanetan jarri gara. Elkarte honek, beste erakunde eta eragile batzuekin, urtean zehar tokiko eta Gipuzkoa mailako nekazarien azoka bat antolatzen du herri ezberdinetan. Garapen Elkartearekin hitz egiten ari gara nekazal-azoka hau Lezora ekartzeko eta urtean bizpahiru alditan antolatu daitekeen jakiteko, modu honetan bertako nekazal-produktuen eskaintza eta salmenta sustatzeko.

Tokiko esne-ekoizleren batek hornitutako esne edo/eta esneki vending makina kaleko jartzeko aukera aztertzea

Esne-makina jartzeko aukera aztertu genuen, baina horretarako beharrezkoa izango litzateke herrian bertan esne ekoizle bat izatea (baldintzak betetzen dituen esne ekoizlerik hurbilena Errenterian dago). Badira, oraindik ere, aspaldi bezala esnea saltzen dutenak, baina oso kopuru txikia da. Gainera, makina jartzeko esnea pasteurizatu egin behar da makinan sartu aurretik eta horretarako behar diren makinak garestiak dira esnea ekoizten dutenentzat.

Udalerriko toki zehatzetan bertako edo gertuko ekoizleek sortutako elikagaien makinak jartzea
Lezon ez dago bertako produktuen ekoizle handirik eta, egon daitekeen bakarrenetakoak, Urrulloko parke agroekologikoak, barazkiak ditu bereziki eta produktu hauek azkar iraungitzen dira.

Gainera, esnearekin gertatzen den bezala, bestelako produktuak saltzeko makinak jartzea oso garestia da, batez ere, bertan saltzen dena erosten ez bada edo matxurak dituelako. Egokiagoa iruditzen zaigu bertan ekoizten diren produktuak azoka edo denden bitartez saltzen jarraitzea.

Ikasturte honetako gaiari lotuta, gainera, kontuan izan behar dugu vending makinetan saltzeko produktuak bilgarrien bidez babestu ohi direla eta horiek gero hondakin bihurtzen direla. Honela, vending makinetako produktuen ordez, gure dendetan saltzen diren bertako produktuak erostea egokiago izango litzateke, bertako dendariei laguntzeko, osasuntsuagoak direlako eta baita hondakinak murrizten lagunduko dugulako ere.

Herritarrei Lezon bertan ekoiztutako produktuen berri ematea eta hauen salmenta sustatzea
Udaletxeko webgunean elikadura osasuntsu eta iraunkorrari buruzko albisteak edo horri lotutako atala jartzea
Urteko eta garaian garaiko produktuen gida edo egutegia osatzea, herritarrek hilabete bakoitzean zein produktu erosi dezaketen jakiteko

APPak horren bogan dauden honetan, jakinarazi nahi dizuegu badagoela garaian garaiko produktuak ezagutu eta hauek merkatuan noiz aurkitu ditzakegun jakiteko GARAIKOA izeneko aplikazio informatikoa. Bai ordenagailuan, bai telefono mugikorretan aplikazio hau deskargatuz gure lurraldean hilabete bakoitzean zein barazki aurkitu dezakegun ezagutu genezake. Gainera, barazkiaren ezaugarriak eta hau kuzinatzeko errezetak ere aurkituko ditugu.

Guk aplikazio hau ikustera animatzen zaituztegu eta, zuen eskariari erantzunez, Lezoko Udalaren webgunean GARAIKOAren berri emango dugu, hemen zaudetenoz gain, gainerako herritarrengana ere irits dadin.

Kiroldegia eta igerilekua bezalako Udal-eraikinetako vending makinetan elikagai osasuntsuak jartzea, egun dauden litxarrerien ordez

Aztertuko dugu vending makinak hornitzen dituen enpresarekin ea zein aukera ematen dizkigun, adibidez, produktu integralak eta fruta ere eskaintzen artean egoteko. Halere, kirola egin ondoren energia berreskuratzeko produktuak eskatzen dizkigu gorputzak eta jendeak nahiago izateko ditu txokolatinak eta antzerakoak makinan erostea. Zaila izango da jendearen artean ohitura horiek aldatzea, baina saiatuko gara.

Udalak antolatutako edo babestutako ekimenetan (herri-bazkariak, lunchak, etab.) kontsumo eta elikadura osasuntsu eta iraunkorrarekin bat datozen irizpideak txertatze

Udalak bertako produktuak erosten saiatzen da antolatzen dituen ekitaldietan, ahalik eta hurbilen, goxoen eta osasuntsuena izateko. Joan den urtean antolatutako Kontsumo Arduratsuaren azokan, adibidez, pintxo mordoa eman genituen, bertako edo hurbileko barazkiekin egindakoak. Irailean antolatu genuen Konpostaren Festan ere bertako taberna bati erosi genizkion patata tortila eta ogia.

Herritarrei azukreak gure osasunean egiten duen kaltearen berri zabaltzea

Biderik errazena zuek guraso eta ingurukoei azukrea hartzeak dituen kalteen berri ematea da. Izan ere, azken urteetan antolatzen diren hitzaldietara jende gutxi hurbiltzen da. Edonola ere, saiatuko gara proposamen honi bestelako irtenbide bat ematen. 

Udalaren kirol-azpiegituretan elikadura osasungarriari buruzko informazioa herritarren eskura jartzea

Dagoeneko Udal-polikiroldegi eta igerilekutan informazio-panel batzuk badaude. Bertan kirola egitea osasuntsu mantentzeko zeinen garrantzitsua den adierazteaz gain, elikadurari buruzko gomendioak ere jasotzen dira. Halere, bertako arduradunekin koordinatuko gara elikadura osasuntsuaren berri ematen jarrai dezaten.

Eskolara bizikletaz joatea errazteko ikasle eta irakasleentzako bizikleta aparkalekuak jartzea

Eskoletara modu seguruan iristeko puntu arriskutsuenetan udaltzaingoa egoten da trafikoa kontrolatzeko. Gainerakoan, herri barruan, egokiena gure ingurukoei modu lasaian eta bizikleta zaleak errespetatuz egin dezaten kontzientziatzea da, ezin baitugu herria bidegorriz josi. Europako herrialdeetan bidegorriak kentzen ari dira, auto gidariak sentsibilizatzen ari direlako errepideak elkarrekin partekatzeko.

Aparkalekuei dagokionez, irakasleekin aztertuko dugu gaia, bizikletaz eskolara joaten zaretenak eta eskola inguruan bizikletak uzteko dagoen tokiaren arabera erabaki bat hartzeko. 

 

Arloa edo saila