Prozesu parte hartzaile bat jarri da abian eta apirilaren 28an ospatuko da Lezon herritarrei zuzendutako foroetako bat
Lezoko Udalak Donostia-Bidasoa Behea Eremu Funtzionalaren Paisaiaren Katalogoaren zehaztapenean parte hartuko du, Irungo, Donostiako eta Urnietako Udalekin batera. Eusko Jaularitzaren Ingurumen, Lurralde, Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailarekin elkarlanean prozesu parte hartzaile bat jarri dute abian, zeina erakunde publiko eta herritarren arteko elkarrizketa gisa planteatzen den. Modu honetan, katalogoaren idazketarako informazioa eskuratu, lan teknikoak elkar aztertu eta paisaiari buruz biztanlegoa sentiberaztea aurreikusten da. Horrela, herritarrei zuzendutako lau foro egingo dira, eta horietako bat Lezon izango da apirilaren 28an, Donibane Kaleko kultur aretoan, arratsaldeko 18.00etatik 20.30etara.
2014. urtean, Euskal Jaularitzak, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeko dekretua onartu zuen. Dekretu horrek zenbait tresna zehaztu zituen, tartean, Katalogoak eta Eremu Funtzionalen zehaztapenak. Dagoeneko Urola Kosta, Enkarterri eta Arabako Errioxako Katalogoak egin dira. Donostia-Bidasoa Beheari dagokiona egiteko lanak hasi berri dira.
2015eko amaieraz geroztik ari dira idazten Donostialdea-Bidasoa Behea Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoa eta zehaztapenak. Horrela, Europako Hitzarmenaren arabera kudeatuko da eremu horretako baliabidea den paisaia. Paisaiaren Europako Hitzarmenak ingurua ikuspegi integratzaile batetik aztertzen du, naturgune eta landaguneez gain, hiritar eta hiri-inguruko guneak barnean hartuta, eta ez paisaia aipagarriak bakarrik, baita ohikoak edota degradatuak. Ingurua ulertzeko era berri honekin paisaiaren kalitatearekiko kezka handitu da.
Eremu funtzionalak dauzkaten balioengatik babes berezia jasotzen duten espazioak dira eta Paisaiaren Katalogoan gune natural horiek identifikatu, sailkatu, balioetsi eta kartografiatzen dira. Txosten horrek hainbat kapitulu hartzen ditu bere barnean eta horietako bat Donostialdea-Bidasoa Beheko paisaia unitateena litzake. Bertan, eremu funtzional horren ezaugarria, indar zein presio eraldatzaileak, balioak, kontserbazio egoera eta paisaiak bete beharreko kalitate helburuak proposatzen dira.
Parte hartze prozesu horretan, aipatutako foroez gain, herritarren parte hartzea sustatuko da Irekian, Eusko Jaularitzako webgunean, paisaiaren eragileekin sakoneko elkarrizketak egingo dira, baita mahai teknikoak ere. Elkarrizketak paisaiaren kudeaketan eta planifikazioan eragina duten erakundeekin egingo dira, mahai teknikoak profil ezberdineko partaideei zuzendutako saioak izango dira eta, Irekian, Internet bidezko partehartzea bultzatzen ari dira martxoaren erdialdetik. Ondorengoa da bete beharko litzatekeen inkesta.