Zine, musika eta poesia emanaldiak, antzerkiak, Euskal Liburu eta Disko Azoka eta bestelako ekitaldiak izango dira azaroaren 8tik urtarrilaren 17ra, Gabonetako programazioaren baitan
Lezoko Udalak urte bukaerarako prestatu duen egitaraua aurkeztu du gaur goizean udaletxeko areto nagusian. Aurkezpenean Ainhoa Zabalo alkatea eta Mikel Arruti Euskara eta Kultura zinegotzia izan dira. Udal ordezkariak gustura agertu dira osatu duten egitarauarekin eta herritarrak animatu dituzte antolatu diren ekitaldietan parte hartzera.
Berrogei ekitalditik gora bi hilabeteren buruan. Horixe da Lezoko Udalak Gabonetarako prestatu duen egitaraua osatzen duen ekitaldi kopurua. Programazioan aurreko urteetako irizpide bera mantendu du: kantitatea eta kalitatea uztartzea. Lehena bete dela egiaztatzeko, zenbakiei begiratu besterik ez dago: hamasei musika emanaldi, seina antzerki eta zinema emanaldi, poesia eta dantza ikuskizunak, Liburu eta Disko Azoka, erakusketa, hitzaldia, San Tomasak, Olentzerorekin opari banaketa, Erregeen kabalgata eta bestelako ekitaldiak.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots; Txirri, Mirri eta Txiribiton; Asier Sarasola-Oier Gillan eta Bide Ertzean; Zuhaitz Gurrutxaga; Jon Sarasua edo Demode Quartet Gabonetako programazioaren kalitatearen adierazgarri dira, Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleen edo-eta herriko talde ezberdinen emanaldiak gutxietsi gabe, noski.
Ainhoa Zabalo alkateak azaldu duenez, Gabonetako programazioaren helburuetako bat “lezoarrei aisialdiaz gozatzeko aukera ematea da. Non aukeratua badutela uste dugu; beraz, antolatu ditugun ekitaldietan parte-hartzea gonbidatzen ditugu”. Eta nola ez, egitaraua osatzeko garaian herriko eragileen parte-hartze handia izan dela azpimarratu, eta esker oneko hitzak izan ditu “herrigintza sustatzeko egiten duten ahaleginagatik”.
Ekitaldiak, euskaraz
Programazioa osatzeko garaian, kantitateaz eta kalitateaz gain, beste bi irizpide hartu dituzte aintzat. Horrela azaldu du Mikel Arruti Euskara eta Kultura zinegotziak: “Ahalik eta adin tarte zabalenera iristea. Herritar guztien gustukoa izatea zaila da, baina programazioa irakurtzean ahalik eta lezoar gehienek gustuko ekitaldiren bat aurkitzea espero dugu”. Hizkuntza irizpideei dagokionez, antolatu dituzten ekitaldi guztiak euskara hutsean izango direla aurreratu dute.
Guztietan lehena bihar izango da, arratsaldeko 20:00etan Gezala auditorioan Khea Zeater taldearen Satisfaktion lana ikusteko aukera izango baita. Ez da iragarri den helduentzako antzerki emanaldi bakarra. Beste hiru lan ikusteko aukera izango da: azaroaren 14an (20:30), Higa Antzarki Taldearen Espazio Hutsak; azaroaren 29an (20:00), Kabia Teatroren Itzala; abenduaren 12an (22:00) eta Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolisto baten konfidentziak bakarrizketa.
Haurrentzako antzerki emanaldiak pailazoen eskutik datoz. Abenduaren 23an (12:00etan, Gezalan) Txirri, Mirri eta Txiribitonek Terapia ikuskizuna eskainiko dute. Urtarrilaren 5ean (12:00etan kiroldegian) berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ek azkeneko ikuskizuna eskainiko dute: Txo, mikmak txikia.
2014ko Gabonetako programazioko nobedade nagusia, diziplina ezberdinak uztartuz osatutako ikuskizunak dira. Horrela, azaroaren 21ean Kitchen Trioren eskutik, Klaket, Violina eta gitarra-ren aurrestreinaldia ikusteko aukera izango da Gezalan (21:00). Eta abenduaren 20an (20:00etan Gezalan) poesia errezitaldia izango da Asier Sarasola eta Oier Gillanen eskutik, Bide Ertzean taldearen laguntzarekin. Joxan Artzeren poemak dira ikuskizunaren oinarri.
Zinemari dagokionez, sei pelikulek osatzen dute Gezala Auditoriumeko zine eskaintza. Horietako lau, haurrei zuzendutakoak dira: Blackie eta Kanuto, Herensugeak, haritzaren bihotza, Tormeseko itsumutila eta zehaztu gabeko laugarren bat eta gazteentzat, beste bat iragarri da, hori ere oraindik zehazteke.
Urtero legez, musika emanaldiek protagonismo handia izango dute: Tomas Garbizu Musika Eskolako Gabonetako bost kontzertu, bi kantu-jira, kopla zaharren kalejira eta Aiton Borda eta Sutargi abesbatzen emanaldiak eta Gazte Asanbladak antolatutako ekimen solidario bat, Gipuzkoako Elikagaien Bankurako elikagaiak lortzeko izango dira. Musikatik aldendu gabe, abenduaren 27an Demode Quartet taldeak EPA ikuskizuna eskainiko du Gezala Auditoriumean. Iruñeako laukoteak kontzertu arrakastatsua eman zuen joan den urtean, eta aurten berriro izango dira gure artean.
Abenduaren 15etik 24ra Euskal Liburu eta Disko Azoka izango da, Kultura Aretoan. Azoka goizez eta arratsaldez bisitatzeko aukera izango da, eta Durangoko Azokako nobedadeak erosteko aukera izango da. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, haur eta gazte sailari arreta berezia jarriko diote. “Gabonei begira, euskal kulturako produktuak kontsumitu eta oparitzeko aukera eskaintzea da Azokaren helburuetako bat.
San Tomas eguna eta Eguberri bezpera egun bereziak izango dira. San Tomas eguneko ospakizuna Saldise plazan izango da. Plazak bere ohiko itxura utzi eta azoka itxura hartuko du Lezoko baserrietako salmenta postuekin, eta nola ez, txistorra taloekin. Eguberri bezpera ere ekitaldiz josita dator: Kantujira, Hator hator kantatzera, Murixka Dantza Taldearen emanaldia, Gabonetako abestiak, presoen aldeko elkarretaratzea, eta abar.
Sarrerak salgai
Emanaldi gehienak doakoak izango badira ere, helduentzako antzerkiak, Demode Quartet musika taldearen emanaldia, poesia errezitaldia eta bi pailazo taldeen saioak ikusteko sarrera ordaindu behar da. Prezio bera jarri dute guztientzako, 5 euro. Sarrerak emanaldi egunean eros daitezke, baina aurrez jarriko dituzte salgai Kulturan eta Udaleko webgunean.