Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek Txupete bira berriaren aurrestreinaldia egingo dute igandean
Gabonetako programazioaren baitan, asteburuan hiru emanaldi izango dira, hirurak Gezala auditorioan.
Hiruretan lehena, ostiralean izango da, 21:00etan. Kitchen Trio taldeak ikuskizun berritzailea eskainiko du, klaketa, biolina eta gitarra uztartuz. Gitarraren akordeek swing, country eta bluegrass doinuetara gerturatuko gaituzte, biolinaren eta klaketeko zapata hotsen perkusioaren laguntzarekin.
Larunbatean Tomas Garbizu Musika Eskolako Bandak Santa Zezilia eguneko kontzertua eskainiko du, eguerdiko 12:30etatik aurrera. Emanaldian zehar, obra hauek joko dituzte: Goizeko izarra, Txori kantak, Baltza –lehenengo hiru hauek Txistulari Bandarekin batera–, Dover patrol march, The crazy duck, La vit ae bella, Guantanamera, Star Wars, La Bamba eta Santa Zezilia biribilketa.
Igandean, Gabonetako programaziotik at, Txistulari Bandak herriko kaleak girotuko ditu goizeko 10:00etatik aurrera. Biribilketak (Betoño, Berakoetxea, Gurea da, Udaberriko lore politena, Santa Zezilia eta Baserria) eta zortzikoak (Bikote kantaria, Adio ene maitea eta Lezotik) joko dituzte.
Igandean, pailazoak
Igandean Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen txanda izango da. Txupete! bira berriaren aurrestreinaldia egingo dute, 12:00etatik aurrera. Ikuskizun berrian, pailazoek Musde Kakamokordo negoziozaleak jarritako tranpak saihesten ahaleginduko dira.
Pailazoen ikuskizuna ikusteko sarrerak salgai daude Kultura aretoan, eta leihatilan ere izango da eskuratzeko aukera. Prezioa, 5 euro.