Udalaren helburua da osasun krisialdiak eragindako ondorioak aintzat hartuta, herritarren gaineko presio fiskala ahal den neurrian baretzea.
Tasei dagokionez, egingo diren aldaketa bakarrak liburu batzuen prezioen eguneraketei eta ingurumen arloko tasa batzuei loturikoak dira.
2020a ezohiko urtea izaten ari da guztientzat. Izan ere, martxoan, COVID-19a gurera heldu zenetik, gizartean oro har eta gure egunerokotasunean izandako ondorio eta aldaketak asko eta mota askotarikoak dira, larrienak, noski, aipatu birusak sorturiko ekonomia eta osasun krisia izanik.
Horri helduta, hau da, COVID-19aren krisiak herritarrengan eragindako ondorioak kontuan hartuta eta datorren urteari begira ere erabateko normaltasunik ez izatea aurreikusten dela aintzat hartuta, Lezoko Udalak 2021erako zerga guztiak eta tasa gehiengoak izoztuta mantentzea erabaki du.
Horren bitartez, Udalaren helburu nagusietako bat da, COVID-19aren krisialdiaren eraginez, herritarren gaineko presio fiskala ahal den neurrian baretzea. Hori aintzat hartuta, tasen atalean egongo diren salbuespen bakarrak liburu batzuen prezioen eguneraketa eta ingurumen sailari loturiko tasa batzuen aldaketak izango dira.