Joan den asteburuan, Jaizkibel hiribidean Gabonetako hainbat argi apaingarri puskatu dituzte.
Gabonetako argi apaingarriak, Lezoko kalean alaitu eta girotu eta lezoarrak Gabon giroan murgiltzeko xedez jartzen ditu Udalak 2016az geroztik, baita, noski, herriko merkataritza bultzatu eta tokian tokiko kontsumoa bultzatzeko.
Joan den asteburuan, ordea, Jaizkibel hiribideko hainbat argi-apaingarri apurtuta azaldu dira. Horrelako ekintzak larri bezain tristetzat jotzen ditu Udalak eta beste behin ekintza horiek salatu ditu. Izan ere, apaingarri horiek konpontzea gainkostu bat suposatuko dio Udalari, “udal diru kutxatik, hau da, guztion poltsikotik ordainduko den gainkostua, alegia”, adierazi dute Udaletik.
Horregatik, egileei errespetuz eta gizalegez jokatzeko eskatu diete eta gauzak egiteko eta beren aurkakotasuna edo aldarriak adierazteko beste bide batzuk erabiltzeko eskatu diete. “Hauek ez dira modu egokiak, horrelako jarrera eta ekintzek ez dute lekurik egungo gizartean lezoarren egunerokotasuna oztopatzen eta zailtzen dutelako eta hori ez da bizilagunek nahi dutena” amaitu dute Udaletik.