EAJ-PNVk eta PSE-EEk elkarren artean sinatutako akordioa medio, gobernu talde berria osatu dute, Jesus Mari Martiarena buru.
Martiarenak bere esker ona adierazi du eta orain arte bezala Lezo eta lezoarrentzat lanean jarraitzeko konpromiso irmoa azaldu du.
Gaur goizeko 11:00etan udal korporazio berria eratzeko ezohiko osoko bilkura egin du Lezoko udalbatzak eta bertan, Jesus Mari Martiarena izan da datozen lau urteetan Lezoko alkate izateko aukeratua.
Horretarako, Lezoko EAJ-PNVk eta PSE-EEk gobernu talde berria osatzeko akordioa sinatu dute. Izan ere, maiatzaren 26ko hauteskundeen emaitzei jarraiki, EH Bildu alderdi bozkatuena izan bazen ere, ez zuen gehiengo osoa lortu, alderdi jeltzalearekin batera, 6 zinegotziekin berdinduta egonik.
Hori horrela izanik, Lezoko EAJ-PNVk eta PSE-EEk, adostasun bideari heldu eta indarrak batuz, elkarren arteko akordioa sinatu eta 7 zinegotziekin (6 EAJ-PNV eta 1 PSE-EE) gehiengo osoa lortu dute. EH Bilduk, aldiz, 6 zinegotzi izango ditu datozen lau urteotan.
Gobernu talde berriak, halaber, Martiarenaren hautagaitza babestu eta bera izendatu dute Lezoko alkate aldeko 7 botoekin.
2019-2023 bitartean, beraz, Lezok Jesus Mari Martiarena izango du berriro alkate. Horri lotuta, Martiarenak bere eskerrik beroena adierazi du: “Eskerrak bihotzez beste behin gugan konfiantza jarri duten lezoar guztiei. Orain konfiantza horri erantzuteko, bai nik zein nire taldeak gogotsu lan egiten jarraituko dugu, azken 4 urteotan ekindako bideari jarraipena eman eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”, adierazi du Martiarenak.
Amaitzeko, Martiarenak herritarrengandik gertu egoteko eta haien beharrak erantzuteko konpromiso irmoa azaldu du, Lezoren etorkizuna elkarrekin eta elkarlanean eraikitzen jarraitzeko eta herritarren bizi kalitatea eta ongizatea bermatu zein hobetzeko.