EAJ-PNVk eta PSEk gobernu akordioa sinatu dute gobernu talde sendo eta egonkorra osatu eta aurreko legealdian hasitako proiektuari jarraipena emateko.
Horrez gain, legealdi berrian bi batzorde berri egingo dira: Batzorde Informatibo Orokorra eta Kontu Batzorde Berezia.
Atzo arratsaldeko 19:00etan 2019-2023 legealdiko lehen bilkura egin zuen Lezoko Udalbatzak. Bertan, datozen lau urteotan Udalean jardungo duten udal taldeen eraketa, bozeramaileen izendapena edota Gobernu Batzordearen osaketaren berri eman zen, besteak beste.
Ildo horretan, korporazio berria osatu zenean aurreratu bezala, datozen lau urteotan EAJ-PNV eta PSEk osatutako gobernua izango du Lezok, Jesus Mari Martiarena buru. Izan ere, bi alderdiek 2019-2023 legealdirako gobernu akordioa sinatu dute orain arteko egonkortasuna bermatu eta aurreko legealdian martxan jarritako proiektu estrategikoei jarraipena eman eta berriak garatzeko.
Hitzarmen programatiko horren bitartez, egungo gobernua indartu eta talde egonkor eta anitza osatzea izan dute helburu, esan bezala, aurreko legealdian ekindako bideari jarraipena eman eta Lezo zein lezoarren etorkizuna bermatu eta hobetuko duten proiektu berriak aurrera eramateko.
Datozen 4 urteotan, beraz, EAJ-PNV eta PSEk osatuko dute udal gobernu berria eta Tokiko Gobernu Batzordea, horrenbestez, EAJ-PNVko 3 kidek eta PSEko ordezkariak osatuko dute. Edonola ere, udal gobernu taldeak udalbatza osatzen duten alderdi politikoekin hitz egiteko eta adostasunetara iristeko borondatea azaldu du.
Dagoeneko, baina, gobernu berriak ezarri ditu 2019-2023 legealdirako lehentasunezko ardatz zein proiektuak: etxebizitza babestuak eraikitzea, anbulatorio berria egitea, Altamira auzoa eta parkea biziberritzea, Arraitoki eskuratu eta erabilera berria ematea, kirol espazio berriak sortzea, kultur programa zabaltzea herriko nortasunari lotuta, herriko irisgarritasuna hobetzeko igogailuak eraikitzea, Mugikortasun Plana eta bidegorri sarea garatzea, tokiko industria zein merkataritza indartzea, enplegu eta gizarte kohesiorako dinamika, ekimen zein ekintzak babesten jarraitzea eta Lezo euskaldun zein parekideago baten alde urratsak ematen jarraitzea.
2019-2023 legealdian, bi batzorde berri:
Atzo egindako osoko bilkurako gainerako aztergaien artean, halaber, udalbatza osatzen duten hiru alderdien (EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu) eta haien bozeramaileen berri eman eta udalbatzaren bi hilez behineko maiztasuna onartzean gain, gardentasunaren bideari helduta, datorren legealdiari begira bi batzorde informatzaile berri izatea onartu zuen udalbatzak. Aipatu biak Batzorde Informatibo Orokorra eta Kontu Batzorde Berezia izango dira hurrenez hurren eta bi hilez behin egingo dira. Noski, aipatu bi batzordeetan udalbatza osatzen duten hiru alderdi politikoak egongo dira ordezkatuta.
Horrez gain, amaitzeko, udaleko 7 zinegotzien liberazio zein ordainsariak ere onartu zituen udalbatzak EAJ-PNV eta PSE-ren aldeko botoekin; EH Bilduk aurka bozkatu zuen.