2015ean, zorra 2.988.030 eurokoa zen.
2015etik aurrera, EAJ-PNV eta PSE-EE udal gobernuan sartu zirenetik, Lezoko Udalak zuen zorra amortizatzea zen helburuetako bat. Une hartan, 2.988.030 eurokoa zen.
7 urte geroago, Lezoko Alkatea Jesus Mari Martiarenak eta PSE-EEko bozeramaile den Jose Angel Sanchezek adierazi dute zorra erabat amortizatuta geratuko dela martxoan.
“Albiste oso positiboa da, gobernuan sartu ginenean genuen akordio eta helburu nagusietako bat zen. Zor hori kitatzeko egin behar izan den ahalegina azpimarratu nahi dugu, are gehiago bizitzen ari garen pandemiaren ondoren. Kontuan hartu behar da ere 2017tik zergak eta tasak izoztuta mantendu direla, hala nola EJZ, OHZ, zaborra, binetak (baita jaitsierarekin ere), ura…
“Gure ustez, gobernu-taldearen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa bikaina izan da, eta, horri esker, Udalak kontu saneatuak izan ditu, magnitude positibo guztiekin, zero zorrarekin. Fakturak ordaintzeko epea 4,9 egunetan daukagu, legezko epea 30 egunekoa bada ere”.
“Egoera hori lortzeko, lan handia egin da kanpoko finantzaketa-iturriak aurkitzen, eta, horri esker, Udalak mantendu egin ditu inbertsioei, azpiegituren hobekuntzari eta zerbitzu publikoei dagokienez herritarren eskaera guztiei erantzuteko partidak. Horren adibide dira: igogailu berriak, Herri Eskolaren estalkia, asfaltatzea, etxebizitza berriak sortzea eta osasun zentro berria, adibidez” amaitu dute.