Maiatzean egin bezala, Udalbatzako kideen artean segurtasun distantzia mantentze aldera, osoko bilkura Gezala auditorioan egin zen.
Eguneko aztergaien artean, hainbat kontu-emateez gain, terrazen tasaren 2020ko etena onartu eta mozioen atalean AHTaren gaia nagusitu zen, Orain Ardura, EH Bildu eta EAJ-PNVren mozioekin.
Lezoko Udalak ostegun arratsaldean ospatu zuen ohiko osoko bilkura, hori bai, maiatzean egin bezala, Gezala auditorioan egin zen, udalbatzako kideen artean segurtasun distantzia bermatzeko.
Eguneko aztergaien artean, hainbat kontu-emate egon ziren; besteak beste 2021 urterako aurrekontuaren oinarrizko lerroaren edota 2019 ekitaldiko Udal Kontu Orokorraren behin betiko onarpenaren berri eman zen, baita udal aurrekontuan egindako hainbat kreditu aldaketen edota Datuen Babeserako Ordezkaria izendatzeko erabakiaren berri ere.
Horrez gain, Ordenantza Fiskalen baitan, ostalaritzaren sektoreari dagokion terrazen tasa 2020an etenda mantentzeko erabakia onartu zen aho batez. Era berean, Musika Eskolako 2020. urteko Lan Postuen Zerrenda aldatzeko diktamena eta Administrazio elektronikoko oinarrizko irtenbideak elkarri emateko EAEko Administrazio Orokorrak sinatu dituen lankidetza-hitzarmenekiko atxikimendua onartu zen. Atxikimendu horrek modu bateratuan administrazioko erakundeen arteko informazio trukatzeak ahalbidetu eta erraztuko ditu, trukatutako informazioaren konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatuz.
AHTaren gaia nagusi
Edozein kasutan, uztaileko osoko bilkuran mozioen atala izan zen nagusi, hiru izan baitziren mahai gainean jarritakoak, guztiak AHTaren ingurukoak. Aipatu gaiaren harira, EH Bilduk, esaterako, Astigarraga-Lezo tarteari dagokion informazio azterlan osagarria aztertzeko informazio publikorako epea luzatzea eskatu zuen. Izan ere, aipatu azterketa jendaurrean egongo da 30 egunez, abuztuaren 3a arte, baina EH Bilduk, “COVID-19aren osasun krisiak eragindako egoera eta uda kontuan hartuta” epe hori luzatzeko eskaera egin zuen informazio guztia ondo aztertu eta bertako herritarrek ahalik eta parte-hartze handiena izan dezaten. Mozioa aho batez onartu zen.
Era berean, Orain Ardura herritarrek ekimenak AHTa eraikitzeko diru-lerroak oinarrizko gizarte zerbitzuetara bideratzeko mozioa aurkeztu zuen udalbatzan. Gai berari helduta, baina, EAJ-PNVk, beste mozio bat aurkeztu zuen. Horren bitartez erakunde guztien aurrekontuen lehentasunak berrikustearen beharra aitortzen zuen. Horretarako, noski, COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean sektore eta pertsona ahulenengan arreta berezia jarri eta hezkuntza, laguntza eta osasun-sistema asistentziala indartzea nagusitzen zuen, baina, betiere, EAEk ekonomikoki, sozialki eta kulturalki jasangarriagoa den eredu baterantz aurrera egiten jarraitzeko ezinbestekoak diren apustuak alde batera utzi gabe. Eta apustu horien artean, hain zuzen, EAJk, Euskadin eraikitzen ari den abiadura handiko sarea aipatzen du, “azpiegitura horrek nabarmen lagunduko baitu mugikortasun jasangarria lortzen, ardatz atlantikora berriz konektatzen eta gure nazioa egituratzen, euskal hiriburuak, Baiona-Donostia-Iruñea-Bilbo-Gasteiz, elkar lotuz”, dio mozioak. Azkenik, mozio hori atera zen aurrera EAJ-ren eta PSE-EEren aldeko botoekin.