Argiteria publikoa pizten den momentuan, arratsaldeko 17:30ean, Gabonetako argiak ere piztuko dira egun horretatik aurrera. Aurtengoan garrantzi berezia duen helburuarekin, hau da, kaleko giroa alaituz tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin, urtero jartzen ditu Eguberrietako argiak Udalak.
Egun gutxi falta dira, bizi dugun egoera bereziaren eraginez, oso bestelakoak izango diren Gabonak hasteko. Etxe askotan, galdutakoengatik edota egoera ekonomikoarengatik, ospakizunetarako arrazoi handirik izango ez bada ere, garrantzitsua da ilusioari eustea, haurrei merezi dituzten Gabonak ematea eta, batez ere, esperantzari ateak ez ixtea, elkarrekin krisi honi aurre egiteko gai garela sinistea beharrezkoa izango delako hori egia bilakatzeko.
Horiek horrela, Lezoko Udalak Gabonetako argien urteroko tradizioari eustea erabaki du eta herriko hainbat txoko eta elementu apaindu ditu. Gabonetako argiak datorren ostiraletik, abenduaren 4tik, aurrera, argiteria publikoarekin batera piztuko dira egunero 17:30ean Eguberriak bukatu arte.
Aurtengoan garrantzi berezia duen helburuarekin, hau da, kaleko giroa alaituz tokiko merkataritza sustatzeko helburuarekin, jartzen ditu urtero Eguberrietako argiak Udalak. 2020 urtea zaila izaten ari da guztiontzat, baina badira bereziki kaltetuak izan diren sektore batzuk, besteak beste, tokiko merkataritza. Horregatik, aurten bereziki dei egiten die Lezoko Udalak lezoarrei Gabonetako erosketak herriko dendatan egitera. “Gure herriko saltokiek ematen diete bizia gure herriko kaleei eta Lezo bizirik mantentzeko guztiok jarri dezakegu gure aletxoa, Lezoko saltokietan gure Gabonetako erosketak eginez. Har dezagun guztiok konpromiso hori eta zaindu dezagun gure merkataritza” eskatu du Jesus Mari Martiarena Lezoko alkateak.