Udalbatzak zerga ordenantzak eguneratzea erabaki du EH Bilduren baiezko bozekin eta PSEren abstentzioarekin

Or, 2023-10-06 14:54

Zergen progresibotasuna lantze bidean, errenta mailan oinarritutako hobari sistema proposatu zuen gobernu taldeak. Horretarako, bizikidetza-unitatearen errentaren araberako hobari bat aplikatzea onartu zen uraren, estolderiaren eta hondakin-bilketaren tasetan.

EH Bilduko gobernu taldeak aurkeztutako ordenantza fiskalei PSEk soilik aurkeztu dizkie ekarpenak. Horietako batzuk gehitzea adostu zuten bi alderdiek. Beste zenbaiten kasuan, Lezoko herritarren errenta mailaren azterketa egin ondorengo emaitzaren arabera hartuko direla erabakiak jakinarazi zuen gobernu taldeak.

Irailaren 28an eginiko Osoko Bilkuran zerga ordenantzak eguneratzeko proposamena aurkeztu zuen gobernu taldeak. Proposamena onartua izan zen EH Bilduren 7 zinegotzien aldeko bozekin, PSEren abstentzioarekin, eta EAJren kontrako 5 bozekin.

Gizarte desberdintasunak gutxitzeko eta unibertsalak diren zerbitzu publikoak jende guztiari helarazteko tresna dira zergak. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da; batetik, zerbitzu publiko egokiak eskaintzeko, eta politika publiko egokiak garatzeko, beharrezko baliabideak eskuratzea; eta bestetik, zergen progresibitatea bermatzea, gehien daukatenek gehiago eman dezaten. Helburu horrekin, eta lehen pausu gisa, errenta mailan oinarritutako hobari sistema proposatu eta onartu zuen EH Bilduko gobernu taldeak.

EH Bildutik aurkeztutako proposamenari EAJtik ez zitzaion ekarpenik egin. PSEren kasuan, berriz, hamabost ekarpen aurkeztu ziren. Horietatik bi onartu ziren: zerga ordenantzak idazkera inklusiboaren eta ez sexistaren arabera moldatzen joatea; eta, desgaitasuna duten edo 70 urtetik gorako herritarren irisgarritasun- eta bizigarritasun-baldintzak errazten dituzten etxebizitzen obren zergan %50eko hobaria aplikatzea.

PSEtik aurkeztutako beste zenbait proposamenen kasuan, datorren urtean zehar Lezoko herritarren errenta mailaren inguruko azterketa egitea aurreikusi dela jakinarazi zitzaion, eta beraz, azterlan horrek ematen duen emaitzaren arabera hartuko direla hobari sistemaren edo zerga, zein tasen eguneraketen gaineko erabaki berriak, 2024ko ordenantzari begira.

Horrekin batera, iraileko Osoko Bilkuran hartutako beste erabaki bat, aurrez proposatutako Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren %1,6 igoera bertan behera uztea izan zen. Izan ere, EH Bildutik bertatik aipatu zen bezala, igoera horri katastroaren balio handitzea gehitu behar zaio herritarrek ordaindu beharrekoa zehazteko. Hasieran egin zen estimazioa katastroaren balioa %1 igotzea izan bazen ere, GFAtik jasotako azkeneko informazioen arabera, igoera %2,5ekoa izatea aurreikusten da. Horregatik, EH Bildutik zerga horretan igoerarik ez aplikatzea proposatu eta horrela onartu zen.

Azkenik, gai horrekin lotuta, gobernu taldetik jakinarazi zen, etxe hutsak merkaturatzea bultzatzeko, 149/2021 DEKRETUA, jenderik gabeko etxebizitzei eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko neurriei buruzkoa aplikatzeko bidea abiatzea erabaki duela gobernu taldeak. Horrela, dekretuan aipatzen diren etxe hutsen gaineko kanonak aplikatzeko modua landu, eta horrekin, etxe hutsak merkaturatzea lortu nahi da.

Gobernu taldea osatzen duten EH Bilduko zinegotziak pozik agertu ziren hartutako erabakiekin. Lezoarron aberastasunaren birbanaketa justuago baterako lehen urrats gisa ikusten dute zerga ordenantza eguneratu izana. Eta aldi berean, PSEko zinegotziarekin adostasunetara heldu izana ere berri ona dela adierazi dute.

 

Arloa edo saila