Artxiboa

Hau Tokiko bildumaren bilgunea da. Herri-sena eta nortasuna kultura-edukien bidez sendotzeko ekimena hain zuzen.

Lezori buruz argitaratu zein argitaratu gabeko materialak bildu, deskribatu, kontsulta-gai modu errazean jarri, eta hemendik aurrera edozein kultur ekimenerako, jakintza partikularrerako zein edozein beste erabilerarako prest dago hemen topatuko duzuna.

Lan hau, 2012. urtean abiatutakoa da. Orduan Datu Basea sortu zen eta geroztik urtez urte lantzen joan gara. Egun lanerako dago prest dago eta kontsultak ere egin daitezke jada. Esan beharrik ez dago, datu base hau dinamikoa dela eta datuak sartzea ez da inoiz amaituko. Eta egokitzapenak ere egiten jarraituko dugu lanak aurrera egin ahala.

Hemen Lezoko udalak eginak zituen dokumentuak egokitu eta kargatu dira: aktak, idatziak, aldizkariak ─Lezo eta Aske!─ digitalizatu, indexatu eta datu basera eraman dira. Labur esateko hau da daukaguna:

  1. Artxibo historikoan paperean dagoen katalogoa DB-ra pasa da. Informazio hau guztia indexatuta geratu da. Hortaz, eskuragarria dago edozein herritarren kontsultarako. Askotariko gaiak agertzen dira dokumentazio honetan. Herriko pasadizoak, pertsonaiak, ospakizunak, efemerideak...

  1. 1607-1924 garaiko udal aktak ere, hustu eta indexatu dira. Eta dagokien pdf-rekin uztartu dira. Horrela, laburpena eta jatorrizkoa elkartu eta kontsultagarri geratu da.

Orain, aurrera begira, dauzkagun erronka sortzen diren materialak, paperezkoak izan, grafikoak izan datu basean txertatzea izango da.

Hemen duzu artxiboa.