Lezoko Udalak, gaur, maiatzaren 17an, banderolatxoa jarri du udaletxeko balkoian LGTBfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira
Lezoko Udalak, Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, kolektibo horien eskubideak aldarrikatzen ditu eta konpromiso irmoa erakusten du pertsona guztien berdintasun eta duintasun eskubideen alde, haien sexu-joera edo genero identitatea edozein izanda ere. Hori dela eta, Lezoko udaletxeko balkoian LGTB banderatxoa jarri da gaur, maiatzaren 17an.
Halaber, Giza Eskubideak defendatzeagatik erasotuak, jazarriak, atxilotuak edota erailak izan diren LGTB pertsona guztiak gogora ekarri nahi ditu Udalak eta, bide batez, bat egiten du mundu guztian homosexualitatea, transexualitatea eta bisexualitatea zigortzea amai dadila eskatzen duten erakunde eta pertsonekin.
Sexu orientazioa eta genero nortasuna ezin dira inoiz iseka eta irainerako arrazoi izan, ezta eraso fisikorako ere, horiek portaera homofobo, lesfobo, bifobo eta transfoboen erakusgarri baitira. Diskriminazio eraso horiek gizarteak bere osotasunean pairatzen ditu, izan ere, gizarte kohesioa ahultzen dute.
Hortaz, Lezoko Udalak, beste behin, diskriminazio ororen aurkako jarrera irmoa azaltzen du eta lanean jarraitzen du gizarteak kontzientzia har dezan LGTBfobiaren aurka borrokatzeak duen garrantziaz, horrela lortuko baita, behingoz, jokaera heterosexista eta matxistekin guztiz amaitzea.