Udalak Euskararen Nazioarteko Egunaren aldeko adierazpen instituzionala onartu du
Gaur, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta honekin batera, Euskaraldiari amaiera emango zaio. Udaletik gogorarazi nahi da, Musika Eskolak egitarau berezia antolatu duela arratsaldeko 18:00etan Gurutze Santuaren plazan eguna ospatzeko (euria eta eguraldi txarrarekin Saldise Plazan izango da).
Horren guztiaren harira, Lezoko Udalak Adierazpen Instituzionalarekin bat egin du "Bizi-Prest: Egunero delako euskararen aldia" testuarekin:
Etxean bizi-bizi, kalean bezala; bizi-bizi eskolako jolastokian, ikasgelan bezala; lantokian bizi-bizi, lagunarteko solasaldietan bezala; bizi-bizi osagilearenean, saltokian bezala; zuzeneko harremanetan. bizi-bizi, birtualetan bezala; bizi-bizi kirolean, liburuetan edo zineman bezala.
Prest gaudelako gu, euskal herritar gehien-gehienok, hori horrela izan dadin. Prest gaudelako euskarari gure hitzen hegoak eskaintzeko, ahotik belarrira, bihotzetik bihotzera, burutik burura hegalda dadin, samur bezain indartsu. Dakiguna dakigula, mintzatzen ez dena baita euskara eskas bakarra.
Eta eskatzen digu, batez ere, euskaldun izatetik euskaldun bizitzera doan tartea gainditzeko jokaera aktiboa. Eta etengabea.
Herri aginteak, gizarteak bere dinamika propiotik sorturiko erakundeak, herritar guztiok eta gutariko bakoitza: den-denok gara, aldi berean, euskararen erabilera eraginkortasunez areagotzeak ezinbestekoa duen adostasun zibil zabalaren osagai eta eragile, aldi berean garen bezala haren onuradun eta bultzatzaile, bideratzaile eta babesle.
Eta egin egingo dugu.
Munduari euskaraz ere helduz, euskararentzat belarria zein gogoa prest izanez, euskara ahoz zein idatziz bizi-bizi eskainiz. Euskarak eguneroko bizitza aberastu dezan; eguneroko bizitzak euskara bete dezan.