Oiartzunen urtetan egin den lanketaren haritik, Oarsoaldeko lau udalek errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin diete aurten eskualdeko zergadun guztiei. Oso erraza da tramite hori euskaraz egitea eta ez du inolako eragozpenik ekartzen, berdin-berdin egin daiteke aitorpena euskaraz, eta euskararentzat, berriz, aurrerabide handia da.
Iaz, Errenteriako zergadunen %8,11k egin zuen aitorpena euskaraz (19.667 zergadunetik 1.596k); Lezoko %19,42k (3.166 zergadunetik 615ek); Oiartzungo %36,37k (5.523 zergadunetik 2009k) eta Pasaiako %8,89k (7.849 zergadunetik 698k). Helburua aurten kopuru eta ehuneko horiek nabarmen haztea da, adierazi du Sergio Ekizak, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak; errenta aitorpena euskaraz egiteak balioa ematen dio gure hizkuntzari.
Errenta aitorpena egiterakoan, herritarrek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko modu errazean; hasieratik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete.
Errenta aitorpena euskaraz egiteak saria du
Herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten sustatzeko, erronka jartzeaz gain, sariak ere zozkatuko dituzte lau herrietan, uztail hasieran. Herri bakoitzean bi lagunentzako otordu goxo bat izango da saria.
Horretarako, errenta aitorpena euskaraz egin dutenek izena eman beharko dute helburu horrekin prestatu diren boletoetan edo formulario digitala betez www.oarsoarrak.eus web gunean. Boletoak udaletako herritarren arreta zerbitzuetan (ZU, HAZ,…) nahiz kanpainan parte hartuko duten establezimenduetan egongo dira eskuragarri. Sare sozialetan ere zabalkundea egingo da eta izen-ematea egiteko aukera izango dute denek.
Egin ezazue errenta aitorpena euskaraz, gure hizkuntzak merezi du eta!