Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak zerbitzu sektorean euskarazko gaitasuna identifikatuko eta aitortuko duen marka berria eta bateratua sortuko dute 2023 urtearen hasieran: Euskaraz barra-barra izango du izena, eta euskararen lurralde guztietara zabalduko dute.
Egitasmoa, berez, urtarril-otsail aldera aurkeztu eta gainerako herrietara hedatuko bada ere, uda honetatik aurrera zenbait udalerri, proba gisa, marka zabaltzen aritu dira dagoeneko, Lezo, Oiartzun eta Pasaia horien artean. Hala, gure eskualdeko hiru herri horietako 110 establezimenduk jarrita dute marka berriaren bereizgarria eta azaroan zehar establezimendu horien jabeei eta bezeroei ekimena baloratzeko inkestak betetzeko eskatu diete hiru herri horietako euskara zerbitzuek.
Une honetan inkesta horien emaitzaz aztertzen eta ondorioak ateratzen ari dira baina inkestak bete dituzten bezero guztien artean herri bakoitzeko 50 euroko erosketa bonua zozkatu dute egun hauetan.
Honako hauek izan dira sarituak herriz herri: Lezon, Mikel Susperregi Olaizolari egokitu zaio saria eta 50 euroko bonua inkesta bete zuen Garbiñe arrandegian erabiliko du.
Oiartzunen, berriz, Mariano Barron Mitxelenari egokitu zaio erosketa balea. Mirari Txurio ileapaindegian erabiliko du beraz. Azkenik, Pasaian, Begoña Urresti Armendariz izan da irabazlea. Ethnia estilistak establezimenduan erabili ahal izango du erosketa bonua. Zorionak irabazleei eta segi merkataritza establezimenduetan euskaraz eskatzen eta eskaintzen.