Marta Teijeira eta Maddi Barrenetxea zuzendariak izan dira sarituak aurten “Hotzean garbitu” filmarengatik
Euskarazko film laburren ekoizpena eta zabalkundea sustatzea du helburu IKUSKA Pasaiako Badiako nazioarteko film laburren erakustaldiak, Pasaiako Trintxer Kulturala elkarteak antolatua. Kezka horretatik abiatuz, MINTZAGUN euskarazko film labur onenari SARIA ekimena jarri zuen abian 2013an, Oarsoaldea Garapen Agentziarekin eta Lezo, Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako Udalekin elkarlanean.
Euskara erabiltzeko espazioak handituz
Herritarrek euskara erabiltzeko dituzten aukerak eta espazioak ugaritzea ere du helburu ekimenak. Izan ere, askorentzat euskaltegiak dira euskara erabiltzeko duten espazio bakarra. Horiek horrela, epaimahaia Oarsoaldea eskualdeko euskaltegietako ikasleek osatzen dute.
Film laburren emanaldi bateratua egin zen Errenteriako Errenteria Hiria (Niessen) Kulturguneko aretoan eta Trintxerpeko Alkateordetzako aretoan. Emanaldi horietan erabaki zuten euskaltegietako ikasleek euskarazko film labur onena zein den, eta beraz, Mintzagun saria nori emango zitzaion.
“Hotzean garbitu” euskarazko film-laburra, saritua
Azaroaren 23an, Trintxerpeko Alkateordetzako aretoan egin zen festibalaren itxiera ekitaldian eman zieten saria irabazleei, Marta Teijeira eta Maddi Barrenetxea zuzendariei.
Irabazleei eskualdeko sei euskaltegietan film irabazlearen inguruko solasaldi bana emateko aukera eskaini die. Saio bakoitzarengatik 100€ eskuratuko dituzte, 600€ guztira.
Saio edo emanaldi hauetan ikus-entzunezko arteari buruzko zertzeladak ere emango dizkiete ikasleei zuzendari-ekoizle irabazleek.