Euskaraldia hasi da Lezon, arratsaldeko 19:00etan herriko Euskaraldi Batzordeak antolatutako aurkezpen ekitaldiarekin eman diote ongietorria ariketa erraldoiari.
Gurutze Santuaren Plazan elkartu eta ongietorria eman dio Lezok laugarren Euskaraldiari. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasi da eta bertaratu diren guztiei txapak ez janzteko eskatu diete. Ondoren, Lezoko Euskaraldiko Hamaikako Patxi Intxaurrandieta eta Edurne Lizarazu kideek egindako irakurketarekin abiatu da ekitaldia: "Urrundik gatoz eta asko egin dugu. Orain eta hemen, gehiago egiteko prest gaude: euskararen biziberritzeak mugimendua behar du. Eta gu, elkar mugitzera goaz".
Herritarrak parte hartzera gonbidatu dituzte, Euskararen aldeko ariketa erraldoiari parte hartzaileek ematen baitiote zentzua, aho-biziek eta belarria prest dutenek, "txapa soinean eta hitza ezpainetan, euskaradunon aldia hasten da gaur. Totelka edo arrapaladan, ahots handi edo mehez, ozen zein xuxurlaka, goxatu belarriak eta astindu mihiak, hitzez ekinez distantziak txikitu eta euskararen lurraldea handitzera goaz eta".
"Batera eraginez, erabilera handituko dugu. Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan. Jantzi txapa, beraz, eta… gora euskara, gora euskaraduna eta gora Euskaraldia", denek jantzi dute txapa elkarrekin, eta ondoren, Irati Olaizola lezoarraren bertsoa abestu du Malen Beristainek, herritar guztiekin laguntzarekin.
ETORRI ZARETEN DENOI
ESKERRIK ASKO LEHENBIZI
EUSKARALDIAN LAUGARREN
EDIZIOA DA IRITSI
NAHIZ MAIZ IZATEN DITUGUN
LOTSA TA AURREIRITZI
HIZKUNTZA OHITURAK ALDATU
ETA ATERIK EZ ITXI
BETIKO EUSKALDUN EDO
ORAINTXE ZARENA HASI
ZURE TXAPA HARTU ETA
BULARRONDOAN ITSATSI
IZAN GAITEZEN HITANO,
BELARRIPREST, AHOBIZI
EUSKARA KALERA ATERA
BAITA GURE HARRIBITXI