Lezoko eragileei euskararen aldeko hizkuntza irizpideekin laguntzeko eskuliburua sortu da

Ar, 2023-04-11 11:21

“Lezo arnasgune bidea. Eskuliburua” izenburua du eta Euskararen Herri Batzordeak osatu du.

2019-2023 legealdi hasieran sortu zen Euskararen Herri Batzordea. Udalaz gain, hainbat eragile aritu dira maiztasun ezberdinez hilabetetan zehar biltzen. Euskararen kale erabileraren datuak beheranzko joerak sustatu zuen aipatutako batzordea eta ondorioz helburu nagusia ere, argi zuen: euskararen erabilera indizea gorantzako bidean jartzea.

Bide horretan, hainbat lan egin ditu batzordeak. Horietako bat euskara biziberritzeko egun dauden plan eta esku-hartzeen mapa bat, hizkuntza sustapenaren bidea eraginkorrak ziren egitasmoak berrantolatu eta lehenesteko.

Bigarren lan bat, eta gaur aurkeztera gatozena, hizkuntza irizpideen eskuliburua egitea izan da. Horren emaitza da da ‘Lezo arnasgune bidean. Eskuliburua’. Liburuxkaren sarreran esaten da Lezon euskara dakiten herritarren kopurua  oso altua dela, %70,30etik pasata dagoela (indize hori altuagoa da gazteen artean) eta biharko egunean Lezo arnasgunea izatea nahi badugu, horretarako lanak gaur egiten hasi behar ditugula. Horretarako sortu da hizkuntza irizpideen eskuliburu hau, eragile edo erakunde bakoitza gaurtik bertatik, euskara erabilera areagotu nahi  badu, bakoitzak berean nola eragin azaltzeko.

Horretarako, eskuliburu honetan hizkuntza kudeatzeko irizpide errazak eskaintzen dira, edozein gizarte erakundek dituen hizkuntza eremu ezberdinetan zer egin behar duen jakin dezan. Irizpideak bost multzotan jasotzen dira:

  1. Hizkuntza paisaia
  2. Idatzizko komunikazioa
  3. Ahozko komunikazioa
  4. Iragarpenak, publizitatea, argitalpenak eta kanpainak
  5. Hizkuntza gaitasuna

Bestalde, hizkuntza eremuez gain, kasu  bakoitzean bi adin-multzo bereizten dira.

Alde batetik, helduak eta, bestetik, 18 urte bitartekoak. Bigarren kasu honetan hizkuntza jokaera euskara hutsezkoa izateko joera izango du.

Euskararen Herri Batzordearen eskaera da, eragile eta erakundeek eskuliburuan jasotzen diren proposamenak beraien eguneroko jardueran aplikatzea, modu horretan euskararen erabilera areagotuko delako.

Dokumentuaren banaketari dagokionez, eskuliburuaren dokumentua Lezoko Udalaren web orrian jarriko da denentzat eskuragarri. Paperezko alea nahi duenarentzat, bi aukera eskainiko dira, Udaleko Euskara-Kultura sailaren bulegotik (Donibane kalea, 2) pasatzea edo helbidea emanez gero posta bidez bidaliko litzaioke. Horretarako mezu bat bidali beharko da euskara@lezo.eus helbide elektronikora edota 943513476 telefonora deitu.

Arloa edo saila
Eranskinak