Martxan da "EUSKARAZ, OSASUNTSU!" ekimena, Oarsoaldeko osasungintzako establezimenduei zuzendutako kanpaina

Al, 2023-03-27 14:48

Dagoeneko 59 establezimenduk egin dute bat kanpainarekin, osasungintzako sektorean euskararen presentzia sustatzeko.

EUSKARAK DENOK SENDATZEN eta INDARTZEN GAITU

Urteak dira, hogeita sei zehazki, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla.

Aurten ere lanketa berezia egingo da merkataritza sektore jakin batekin, eta, gaur aurkeztu dituzte, hain zuzen ere, Lezoko Txapeldun fisioterapia zentroan, 2023an Oarsoaldeko osasungintzako establezimenduei zuzenduko dizkieten ekimenak. Bertan izan dira – Ion Pombar, Lezoko euskara zinegotzia, Loreto Osa, Pasaiako euskara zinegotzia, Itziar Ostolaza, Errenteriako euskara zinegotzia, Eli Urkia, Errenkoalderen ordezkaria, Sebastian Galardi, Itturriren ordezkaria, Raquel Dominguez, Laurak Bateko ordezkaria, Edurne Mitxeo, Lezokoak elkarteko ordezkaria, eta Xabier Peso Arzadun - Lezoko Txapeldun fisioterapia zentroko arduraduna-.

"EUSKARAZ, OSASUNTSU!" ekimena

Martxoaren 24ra bitartean establezimenduekin hitz egin dugu banan bana, asmoak azaltzeko eta “Euskaraz, osasuntsu!” izeneko ekimenean parte har dezaten animatzeko. 

Doako eskaintza bereziak osasungintzako langileentzat

Ekimenean parte hartzen duten osasungintzako zentroentzako eskaintza bereziak:

1. Apirilaren 19tik uztailaren 27ra bitartean, “100 egun, 100 hitz” egutegia banatuko zaie osasungintza zentroei. Egutegi horretan euskarazko hitz bat ikasteko aukera ematen zaie euskaraz ez dakiten osasungintzako langileei, eta osasungintzarekin loturiko esaera zahar bat ikasteko aukera euskaraz badakiten osasun-langileei.

2. Ekainean, “Euskaraz, osasuntsu!” leloa daraman lanpasa bana emango diete parte hartzen ari diren establezimenduei, sarreran jartzeko.

3. Azkenik, azaroaren 2tik 17ra osasungintzako establezimenduetan euskaraz egiten duten bezeroei banatzeko giltzatako sorta bana helaraziko diote parte hartzen duen establezimendu bakoitzari.

4. Otsailetik hona, doako zerbitzu eskaintzaren bitartez, jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaraz jartzen lagundu diegu (itzulpenak, maketazioa, paisaia linguistikoa euskalduntzeko euskarriak, aholkularitza teknikoa…).

5. Horrez gain, osasungintza alorreko hiztegitxoa ere banatu zaie.  

Hizkuntza paisaia euskalduntzeak (errotulua, jendaurreko idatziak, oharrak, establezimenduko elementuak…) duen garrantzia nabarmendu nahi dute udal ordezkariek ekimen hauekin guztiekin. Hizkuntza paisaiak hizkuntza batek duen edo ez duen estatusaren berri emateaz gain, establezimendu bakoitzak hizkuntzarekiko edota hizkuntzekiko eta, ondorioz, hiztunekiko duen begirunea ere erakusten du. Herri batera, eta establezimendu batera sartzen garenean, aurrena ikusten dena horixe da. Beraz, oso garrantzitsua da hizkuntza paisaia euskaraz egotea. Dudarik gabe, horrek berak bezero euskaldunek euskara erabiltzea erraztuko baitu.

Dagoeneko 59 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin. Ez galdu aukera!

Horren guztiaren berri oraindik ez duen establezimendu-jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du.

Lezoko euskara zerbitzua:

◦ Lezoko Euskara Zerbitzua 943 513 476 (Donibane kalea 2)

Arloa edo saila