Eskualdeko gimnasio eta soinketa zentroetan euskararen presentzia sustatzeko lanketa aurkeztu zuten atzo lau udalek.
Urteak dira, hogeita zortzi zehazki, Oarsoaldeko lau udalak, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean ari direla. Establezimendu horietan euskarak ahozko eta idatzizko presentzia handiagoa izatea du helburu egitasmoak. Horretarako, doako zerbitzu eskaintza egiten zaie (itzulpenak, maketazioa, hizkuntza-paisaia euskalduntzeko euskarriak, aholkularitza teknikoa…).
Urtero, halaber, merkataritza sektore jakin batekin lanketa berezia egin ohi da. Atzo aurkeztu zituzten, hain zuzen ere, Errenteriako Errenteria Crossfit gimnasioan, 2025ean zehar Oarsoaldeko gimnasioei eta gorputza zaintzeko establezimenduei zuzenduko dizkieten ekimenak –Leire Mazizior, Errenteriako euskara zinegotzia, Aiako Harria Gaztelumendi, Oiartzungo zinegotzia, Laura Ré, Pasaiako euskara zinegotzia, Iker Salaberria, Lezoko euskara zinegotzia, Ignacio Rodríguez, Errenteria Crossfit-eko arduraduna eta Maika Martín, Errenkoalderen ordezkaria–.
Martxoaren 21era bitartean sektoreko establezimenduekin hitz egin dugu banan bana, asmoak azaltzeko eta “Mugitu gorputza, indartu hizkuntza!” izeneko ekimenean parte har dezaten animatzeko.
Hasteko, urteko ekintzetan parte hartuko duten establezimendu guztiei jendaurrean dituzten idatzi eta oharrak euskaraz jartzen lagunduko diegu. Horrez gain, gimnasioetako hiztegitxoa ere banatuko zaie.
Maiatzaren bukaera eta ekainaren hasiera bitartean giza gorputzeko atalak euskaraz nola esaten diren erakusten duen A2 neurriko poster bana banatuko zaie sektoreko establezimenduei. Posterra euskarri sendo batean inprimatuta banatuko zaiela esan dute ordezkariek.
Azkenik, azaroaren 3tik 17ra, gimnasioetan euskaraz egiten duten erabiltzaileei banatzeko ur botila tolesgarri sorta bana emango zaio parte hartzen duen establezimendu bakoitzari. Botila horiek aurtengo leloa eramango dute inprimatuta; “Mugitu gorputza, indartu hizkuntza!”.
Guztira, 34 establezimenduk egin dute bat kanpaina honekin. Honen guztiaren inguruko berri oraindik ez duen establezimendu-jaberen bat balego, eta interesatuko balitzaio, bere herriko euskara zerbitzuarekin harremanetan jarri besterik ez du. Honenbestez, Aizpea Otaegik, Oarsoaldea Garapen Agentziaren lehendakariak, herritarrak gonbidatu nahi ditu eguneroko bizitza euskaraz egin dezaten. Egunero, denetarako erabiltzea da euskara indartzeko modurik onena.