Aurkezpena Gezala Auditoriumean egingo da, arratsaldeko 19:00tan. Lezoko Udalak Herri Batzordean parte hartzen du eta, beraz, ekintza guztiak modu koordinatuan antolatuko dira
Aste gutxi falta dira Euskaraldiari hasiera emateko, izan ere, azaroaren 23an hasi eta abenduaren 3an amaituko da. Beraz, datozen egunak herritar bakoitzak Ahobizi edo Belarriprest modura parte hartuko duen erabakitzeko unea dira. Hori dela eta, ostegunean, urriak 4, aurkezpena egingo da Gezala Auditoriumean, arratsaldeko 19:00tan. Bertan, parte hartzeko moduak azalduko zaizkie herritarrei, besteak beste.
Lezoko Udalak hizkuntzaren normalizazioaren alde egiten du eta Euskaraldia antolatzen duen Herri Batzordean parte hartzen du. Euskal hiztunen aktibazioa da helburua, euskal hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea eta beren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea, alegia. Helburu horrekin antolatu da Euskaraldia, 11 eguneko epean euskarari bultzada emateko eta gure eguneroko erabileran gehiago txertatzeko.
Euskaraldian izen-ematea
Euskaraldian parte hartzeko izena eman behar da. Dagoeneko, euskaraldia.eus web orrialdearen bitartez egin daiteke eta, urriaren 4ko aurkezpenean azalduko denez, urriaren 8tik aurrera fisikoki ere egin ahal izango da. Hori horrela egiteko lekuak eta ordutegia hauek dira: Euskara Zerbitzuan astelehenetik ostiralera 8:00-14:00 bitartean, AEK euskaltegian astelehenetik ostegunera 16:30-19:00 bitartean eta Kultura Aretoan astearteetan 17:30-19:30 bitartean.
Izen-ematea egiterakoan Euskaraldian parte hartzeko modua aukeratu beharko da: Ahobizi –ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren- edo Belarriprest –agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut-. Parte hartzeko aukeratutako moduaren arabera txapa bat edo beste banatuko zaio pertsona bakoitzari eta horrek adieraziko du zein den pertsona horren parte hartzeko modua. Euskaraldia hasi baino aste bete lehenago banatuko dira txapak.
Lezo, euskararekin bat
Udalak Euskaraldiarekin bat egiteaz gain, herria ere nahasi da. Hori dela eta, Santakrutz jaietan Euskaraldia sustatzeko kanpaina egin zen eta urriaren 4rako, aurkezpenerako, Orratx! Antzerki Taldea emanaldi txiki bat prestatzen ari da.
Horrez gain, Musika Eskolak egitarau berezia antolatu du abenduaren 3aren harira, Euskararen Egunaren harira, alegia. Egun horretan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera jarduerak egongo dira Gurutze Santuaren plazan.