Prozesua maiatzaren 12tik 27ra egongo da zabalik eta Altamira auzoko bizilagunek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzeko Udalak banatutako eskuorria bete eta Altzate igerilekuko edo auzo elkarteko postontzian utzi, maiatzaren 16an antolatuko den informazio karpara gerturatu edota hilaren 23an auzo elkartean egingo den tailerrera azaldu beharko da
Udal gobernuaren helburua da herria herritarren beharretara ahalik eta gehien egokitzea. Kasu honetan, Altamira auzoaren txanda iritsi da eta proiektua lantzeko, hau da, bertan zer egin erabakitzeko, parkeari buruzko proposamenak jasotzeko eta bereziki auzotarren nahiak, beharrak eta iritziak ezagutzeko parte hartze prozesua abiaraziko du Udalak.
Parte hartze prozesua auzoko bizilagunekin egingo da, erabaki hori hartu baitzen auzo elkarteko kideekin eta udal ordezkari politikoekin parte hartze prozesua zehazteko eta lantzeko apirilaren 23an egin ziren bileretan.
Maiatzaren 12tik 27ra
Parte hartze prozesua maiatzaren 12an, larunbata, hasiko da eta, bi aste beranduago, maiatzaren 27an amaituko da. 16 eguneko epe horretan auzotarren ekarpen eta proposamenak jasoko dira eta horretarako, bide ezberdinak izango dituzte auzokideek. Alde batetik, Altamira auzoko etxe guztietara bidaliko den eskuorria bete eta Altzate igerilekuan eta auzo elkartean ezarriko diren postontzietan utzi ahal izango da. Horrez gain, maiatzaren 16an igerilekuen inguruan ezarriko den informazio karpan ere bete eta utzi ahal izango da eskuorria. Halaber, hilaren 23an tailer bat antolatuko da arratsaldeko 18:00etan auzo elkartean eta bertan, besteak beste, Altamirako parkeak izan ditzakeen erabileren inguruan hitz egingo da. Gainera, udal webgunearen bitartez online inkesta erantzuteko aukera ere eskainiko da esteka honen bitartez: http://udalonink.ibatuz.com/index.php/816377/lang-eu
Auzoa hobetzeko 40.000€ko diru partida muga ezarri du Udalak. Bestalde, parkea berritzeko proposamenak ere jasoko dira parte hartze prozesu honen bitartez eta, kasu honetan, proposamenak mahai gainean izan arte ez da aurrekontuaren inguruko erabakirik hartuko, izan ere, auzotarren ekarpenen araberako parkea egin nahi da.
Herritarren ekarpen eta proposamenak teknikoki eta ekonomikoki aztertu eta baloratuko dira. Horren ostean, lortutako emaitzekin txosten bat osatuko da eta horren berri emango da.