Udalak herriko haurren jolastokiak hobetu eta berritu ditu

Og, 2017-03-16 14:48

Lezoarren bizi kalitatea hobetzeko konpromisoarekin, herriko haurrei jolasleku egoki, seguru eta atseginak eskaintzeko asmoz, Udalak herriko jolastokiak hobetu ditu. Besteak beste, Sagardiandiako, Lopeneko eta Zubitxoko parkeak berritu dira.

Jolasleku seguruago eta atseginagoak eskaintzeko helburuarekin eta parkeen egoera hobetzeko, joan den urtean Lezoko Udala udalerriko jolastokiak berritzeari eta egokitzeari ekin zion. Pertsonak izanik udal jardunaren ardatz nagusia, tokiko gobernuak lehentasunezko gaitzat hartu zuen hobekuntza horiek egitea.

Besteak beste, Sagardiandiako, Lopeneko eta Zubitxoko jolas-parkeak berritu dira eta horietan zoru eta haurrentzako jolas berriak ezarri dira. Beste kasu batzuetan, erabileragatik zaharkituta zeuden jolasak eta zoruak ordezkatu dira.  Datozen hilabeteetan hobekuntza lanak gauzatu dira Isastiko zein Altamirako jolastokietan.

“Udalak haurrei euren denbora libreaz gozatzeko jolas eremu egokiak bermatu behar dizkie” azpimarratu du gobernu taldeak, “horregatik, joan den urtean parkeak berritzen hasi ginen eta hobekuntza lan horiek jarraipena izango dute aurten ere.  Era berean,  udaran aurrera eramango den Herri Eskolako jolastokia estaltzeko proiektuari ere lehentasuna eman diogu”. Proiektu horrek helburu du Lezoko herritarrek aisialdirako eremu berria izatea eta eskola orduetatik kanpo erabili ahal izateko aukera bermatzea.

“Lantzen ari garen proiektu guztiek dute helburutzat herritarren egunerokotasuna eta bizi kalitatea hobetzea” azpimarratu dute.

 

Arloa edo saila