LEZO ETA DONIBANE ARTEKO BIDEGORRIA, BUKATUTA

Or, 2025-01-24 13:37

Amaitu dira Lezo-Donibane bidegorriko lanak, proiektuaren azken fasea amaituta.

Gaur goizean Lezo eta Donibane lotzen dituen bidegorria inauguratu du Mikel Arruti alkateak, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuarekin eta Teo Alberro Pasaiako alkatearekin batera.

Lezo eta Donibane lotzen dituen GI-3440 bidearen lanak amaitu dira eta gaur inauguratu dute bizikleta eta oinezkoentzako bidearen zati berria. Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu du EGEF funtsen bidez. 

Bidegorria berritzeko lanen azken fasea izan da hau, 270 metro hauekin bidegorriaren ibilbidea osatu da, bi udalerrien arteko konexio jasangarri, seguru eta erosoa ahalbidetuz. 

Mikel Arruti alkateak "obra hau egin zedin aldarrikapen eta eskakizun hori egiten aritu diren herritarrei" eman dizkie eskerrak, aldarrikapen horiek ezinbestekoak baitira horrelako proiektuek aurrera egin dezaten. Instituzioen arteko lankidetzaren garrantzia ere berezibizikoa izan da lan hauek burutzeko eta  "bizi dugun krisi ekologikoak gaur egungo mugikortasunari buelta bat ematea eskatzen duela" adierazi du.

Obra hau Lezoko Udalaren mugikortasuna eta herri erosoa garatzeko lan-ildoaren barruan kokatzen da. Oinez eta bizikletan mugitzea dira modu jasangarrienak, eta horiek errazteko neurrietako bat da azpiegiturak hobetu eta egonkortzea. 

Proiektu luze baten azken fasea izan da, izan ere, Lezo-Donibane bidegorria konpontzeko lanak zatika egin dira, mugikortasuna eta bidearen erabilera bermatu ahal izateko. Urte horietan zehar, ezinbestekoa izan da Udaleko alderdi guztien lana, aurreko gobernu taldeak hasi zuen proiektuko lehen fasea eta gaur amaitu da oraingo udal-gobernuarekin. 

Bi udalerrietako herritarren segurtasuna bermatzea izan da proiektuaren helburu nagusia, baina Oarsoaldeako herritarren arteko harremanak erraztu eta sendotzea ere ahalbidetuko du hemendik aurrera.

Obraren xehetasunak 

Eremuaren orografia malkartsuak eta espaziorik ezak baldintzatu dute tarte horren eraikuntza. Zailtasun horiek konpontzeko, hormigoi armatuzko egitura berritzaile bat eraiki da hegalkin batean, dagoen euste-hormaren gainean. Diseinu horrek 3 metroko zabalerako plataforma bat ahalbidetzen du, segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko bai oinezkoei bai txirrindulariei.

Obrak berekin ekarri du, halaber, errepidearen errodadura-geruza berritzea, seinaleak eguneratzea, drainatzea eta argiztatzea, bai eta ainguraketa bulonatuak eta gunitatuak egitea ere, ezpondaren egonkortasuna bermatzeko.