Birziklapenari buruzko informazio eta sentsibilizazio kanpaina

Ar, 2018-01-02 12:17

Eskualdeko Garapen Agentziak bereiztuta jasotzen diren hondakinen kantitate eta kalitatea hobetzeko helburuarekin informazio eta sentsibilizazio kanpaina abiaraziko du Lezon urtarrilaren 9an. Herritarrak informatzeko eta zalantzak argitzeko, datorren astetik aurrera, 2 ingurumen teknikari eta 6 informatzaile erdiguneko zein landa eremuko edukiontzi guneetan egongo dira eta herriko merkatari eta ostalariei ere bisitak egingo zaizkie.

Aipatu sentsibilizazio eta informazio kanpainak honek helburu du herritarren birziklapen ohituretan positiboki eragitea. Kanpaina hau, Lezoko, Pasaiako eta Errenteriako Udalek sustatzen duten Lanbideren Enplegu Planaren baitan kokatu behar dugu. Beraz, honek helburu bikoitza du: langabetuei enplegu aukerak eskaintzea eta informazio eta sentsibilizazio kanpainaren bitartez bereiztuta jasotzen diren hondakinen kantitate eta kalitatea hobetzea.

Horretarako, asteartetik, urtarrilaren 9tik aurrera, 2 ingurumen teknikari eta 6 informatzaile erdiguneko zein landa eremuko edukiontzi guneetan egongo dira herritarrak informatzeko eta zalantzak argitzeko goizeko 7:30etik 12:00ra bitartean.
Era berean, herriko merkatari eta ostalariei ere bisitak egingo dizkiete eta zenbait informazio saio ere eskainiko dituzte herriko gune ezberdinetan.

Azkenik, industria guneko egoera ere aztertuko dute bertan dauden enpresen edukiontzi puntuei eta isurketa guneei erreparatuz.

Beraz, informazio eta sentsibilizazio kanpaina honen bitartez lortu nahi da:

1. Edukiontzi grisera botatzen den hondakin kantitatea murriztea

2. Edukiontzi marroiaren erabilera sustatzea

3. Gainerako edukiontzietara botatzen diren hondakinen kudeaketa hobetzea (ontzi arinak, papera eta kartoia eta beira)

4. Herritarrak sentsibilizatzea eta modu egokian birziklatzeak dakartzan onurak ikusaraztea

5. Herritarren, merkatarien, elkarteen eta gainerako eragile taldeen birziklapenari buruzko zalantzak argitzea

Modu honetara, bilketa datuak hobetu eta hiri hondakin solidoek ingurumenarengan duten eragina gutxitzea lortu nahi da.


 

Arloa edo saila