Edukiontzi bidezko hondakin bilketarako txartelak etxeetara bidaliko ditu Udalak

Ar, 2017-08-29 13:09

Astelehenetik aurrera, edukiontzi marroia eta grisa zabaltzeko txartelak postaz bidaliko ditu Udalak herritarrei hondakinen sailkapenean laguntzeko Hondakinen Gidarekin eta txartela jasotzeko zorroarekin batera. Poltsa konpostagarriak jasotzeko aldiz, herritarrek Udaleko Hondakinen Bulegora jo beharko dute 8:30etik 13:30era bitartean. 

 

Hondakinak biltzeko sistema berriaren ezarpena gero eta gertuago dago. Sistema berriak txipdun edukiontziak izango ditu eta beraz, edukiontzi marroia eta grisa zabaltzeko txartela beharrezkoa izango da.
 
Hori dela eta, hondakin bilketarako sistema aldaketa egin aurretik, txartelak banatuko ditu Udalak. Gauzak horrela, datorren astelehenetik aurrera postaz bidaliko dira txartel guztiak Udalerriko etxebizitza guztietara. 
 
Txartelekin batera, Udalak sortu duen Hondakinen Gida ere bidaliko da. Honek helburu du herritarrei hondakinen sailkapen eta birziklapen lanak erraztea eta herritarrei beren interesekoa den informazioa ematea: sistema berriari buruzko ezaugarriak, hondakin bakoitza zein edukiontzietan atera behar den eta Garbiguneari, bilketa bereziari eta edukiontzi bereziei buruzko informazioa ere biltzen ditu. Gida honen bitartez ere sistema berriaren erabilera egokia sustatu nahi da bilketa datuak hobetzea lortzeko, udal gobernu taldeak sistema erosoagoa eta errazagoa izanik bilketa datuak hobetzea posible izango dela uste baitu. Bide batez herritarrak hondakinak murriztu eta berrerabiltzearen inguruan ere kontzientziatu nahi dira, birziklapena katearen azken urratsa besterik ez delako. 
 
Amaitzeko, “Hondakin bakoitza bere edukiontzian” kanpainaren leloa duen txartelak jasotzeko zorroa ere banatuko da herritarrek edukiontziak zabaltzeko beharrezkoa den txartela non jaso izan dezaten. Bertan, edozein zalantzetarako telefono eta helbide elektronikoa dituzte herritarrek.
 
Poltsa konpostagarriak aldiz, Udaleko Hondakinen Bulegoan jaso beharko dira datorren astetik aurrera 8:30etik 13:30era bitartean. Poltsa konpostagarriak doakoak dira eta hondakin organikoak biltzeko bakarrik erabiliko beharko dira. 
 
Udaletik ziur daude, jada hondakinak gaika sailkatzera ohituak dauden herritarrek ondo erantzungo dutela sistema berriaren aurrean, Altamirako bizilagunek egin duten modu berean, eta ziur daude baita, guztion artean bilketa datuak hobetzeko gai izango garela. 
 
Arloa edo saila