Erdi mailako mendi-ibilbidea, edonork oinez egiteko pentsatua. Ibilbidea Jaizkibelen hegoaldetik doa eta baserri ederretako auzoak zeharkatzen ditu.
Lezok natura ondare aberatsa du eta Osasuna eta Kirola uztartuz, Lezoko Udalak herrian zehar 3 ibilbide egokitu ditu herritarren artean ohitura osasuntsuak sustatzeko eta Lezoko ondare natural, historiko eta kulturala ezagutzera emateko helburuarekin.
Hiru ibilbide horietatik bigarrena ezagutuko dugu gaur: OLAZAR LORBIDE.
Esan bezala, erdi mailako mendi-ibilbidea da edonork oinez egin dezakeena. Ibilbidea Jaizkibelen hegoaldetik doa eta baserri ederretako auzoak zeharkatzen ditu. Nabarmentzekoak, antzinako animalientzako bideen aztarnak eta Plataiturri iturria.
Lorbide bidea
Olazar baserritik Sarastiko harrobira doan gurdibidea oso zaharra da, eta zenbait lekutan garai bateko harlauza handiak ikus daitezke. Bide honetan barrena gero itsasontzien eraikuntzan erabiliko ziren haritz enborrak garraiatzen ziren. Lorbide baserriaren hondakinak ere bertako gain batean daude.
Plataiturri iturria
Ur biltegiak eraiki aurreko garaietan iturriak erabiltzen ziren etxe eta baserrietako beharrak asetzeko. Edan, arraina garbitu edo gobara egiten zen horietan. Gaurdaino iraun duten artean Plataiturri da ederrenetako bat. Bertako urak garbiak eta freskoak dira.