Azken hilabeteetan egondako eskaerak direla-bide, apirilaren 25ean Udalak proposamen bat aurkeztu zien Andreonen eta Arretxene-Txulotxon auzokonposta egiten duten familiei: gunean partaide gehiago hartzeko aukera emango duten konpostaje-kutxak erabiltzea
Horretarako, egungo 300 litrotako edukiera duten kutxak 700 litrora arteko biohondakinak har ditzaketen kutxengatik ordezkatuko dituzte. Proposamena ezagutzera bertaratu zirenek aho-batez onartu zuten Udalak proposatutako aldaketa.
700 litrotako konpostaje-kutxa hauetako bakoitzean, gutxienez 10 familiak parte hartzeko aukera ematen duela adierazi du Udalak. Aldaketa hau burutzeko, Andreoneko partaideek zein interesa izan dezaketen familiekin, auzolan-eguna deitu du Udalak maiatzaren 20an, 10:30etan, Andreoneko konposta-gunean. Bertaratuko direnei aldez aurretik lezokonposta@gmail.com helbidera idazteko edo 605 757 687 (Leire) telefonora deitu/whatsApp bat bidaltzeko eskatu die konpostajearen jarraipenerako aholkularitzak.
Auzokonpostaje-guneen ikuskaritza maiatzaren 18an
Andreoneko konpostaje-ereduaren aldaketa kontuan hartuz, Elkarrekin 21 aholkularitza-taldeak hileko ikuskaritza maiatzaren18ra (osteguna) aurreratu du. 09:30 – 12:30ak bitartean Lezoko sei guneetako konpostagailuen ikuskaritza burutuko du, ondorengo ibilbidea jarraituz: Andreone, Aralar, Arretxene-Txulotxo, San Pedro-Pisbe, Lopene eta Altamira. Norbaitek zalantzak argitu edo tutoretza egunetan ikuskaritza-taldearekin hitzordua jarri nahiko balu honako telefono zenbakietara deitu dezake: 943 521 538 (Josu) / 605 757 687 (Leire).
Lantaldeko teknikariek etxeko konposta egiten duten herritarrei ere aholkularitza eta laguntza zuzena eskaintzen ari zaizkie. Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, aholkularitza teknikoarekin harremanetan jar daitezke honako posta elektronikora idatziz: lezokonposta@gmail.com.
Zerrailen aldaketa
Konpostaje guneetako ateen kisketak arazoak ematen aritu dira, sartu irtenak zailduz. Honen aurrean udalak kisketa eta giltzarrapoak kendu ditu, gantxo batzuengatik ordezkatuz. Beraz, aurrerantzean partehartzaileek guneetara sartzeko ez dute giltzaren beharrik izango.