600 kg zabor jaso dira, tartean 150 pintura-pote baino gehiago. Sastrakak kendu dira 30 bat metroko tarte batean eta hesiaren zati bat konpondu da. Lanen helburua da hondakinak errekara ez iristea handik itsasora isuri ez daitezen.
Lezoko Udalak garbiketa lanak egin ditu berriro Ipintza industrialdean. Garbiketak 300 metro inguruko tarte lineal batean egin dira, Bakarraiztegi errekara doan Txatxamendi kaleko aparkalekuan. URZAIN TALDEAk egindako lan hauetan hondakinak kendu, hesitik bi metro inguruko sastrakak kendu eta hesiaren 6 metro inguru konpondu dira.
Guztira, 630 kg hondakin baino gehiago jaso dira. Horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: inguruan hautemandako isurketa puntual baten 150 pintura-pote baino gehiago, plastikozko ontzien 100 litroko 15 poltsa, beirazko 32 botila eta metalezko 70 lata. Arropa, obrako hondakinak, egurrak, hondakin elektronikoak eta tamaina handikoak ere jaso dira, besteak beste.
Hondakinak kendu ondoren, hesitik berdegunerantz doan 2 metroko zerrenda bat soildu da, eta 6 metroko hesi-zati bat konpondu da ere. Sare metalikoz eta akaziako zutoinez egindako hesi honen helburua espaloia zuhaizti-berdegunetik bereiztea da, Bakarraiztegi errekaren eskuinaldean dagoen baso eremu honek ingurumen balio handia duelako eta Lezoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean babes maila gorena duelako.
Lan horiek bi aste inguru iraun dute, eta 2022an egindako antzeko beste lan batzuen jarraipena dira. Horietan, 110 metroko malda handiko zati bat garbitu zen, Txatxamendi kaleko aparkalekuaren egungo eremuaren ondoan. Garbiketa eta isurketen prebentzioko lan horiek Gipuzkoako Aldundiak diruz lagundu zituen iaz, lurraldean sakabanatutako zabor-fokuak ezabatzeko dirulaguntzen lerroaren bidez.
Joxean Sánchez Ingurumen zinegotziaren ustez “Lezoko Udalak garbiketa egin du ingurumen-erantzukizuna, osasungarritasuna eta paisaiaren estetika direla eta, baina gogorarazi nahi dugu horrelako isurketak debekatuta daudela eta modu berezian eta espezifikoan kudeatu behar direla. Lan hauek gastu gehigarria dakarte udal kutxentzat, beraz, horrelako ekintzak salatuko ditugu berriro gerta ez daitezen. Argi daukagu gizalegearen kontrako jokabide horiek zigortu behar direla, kaltegarriak baitira herriarentzat eta bertako biztanleentzat”.