Zer da Tokiko Agenda 21?
Tokiko Agenda 21 Udalerriaren Plan Estrategikoa garatzeko dokumentua da. Udalerriko ingurumen, ekonomia eta gizarte politikak integratzen ditu iraunkortasun irizpideen arabera. Ordezkari politikoen, Udaleko langile teknikoen, eragileen eta herritarren parte-hartzearen eta adostutako erabakien emaitza da.
“Ingurumenari eta Garapen Iraunkorrari buruzko Nazio Batuen Konferentziaren” (Rio de Janeiro, 1992ko ekaina) barruan sartzen den “XXI. mendeko Garapen Iraunkorrerako Programa Orokorretik” sortu da tresna hau.
Aipatutako programak (Programa 21 izenez ere ezaguna), ingurumen politika global eta mundiala modu egituratuan eta programatuan garatzeko oinarriak zehazten ditu, eta tokiko edo eskualdeko erakundeek hasi eta sustatu beharko dute.
Tokiko iraunkortasuna
Tokiko iraunkortasunaren printzipioa da Tokiko Agenda 21 prozesuaren oinarri teorikoa. Gizarte justizia, ekonomia iraunkorra eta inguru eta kapital natural iraunkorra integratzea du helburu, oreka iraunkorra lortzeko, eta, horrela, bizi kalitatea hobetzeko. Ingurumen iraunkortasunaren, ekonomia iraunkortasunaren eta gizarte iraunkortasunaren arteko orekaren emaitza da, beraz, tokiko iraunkortasuna.
Udaltalde 21 Oarsoaldea
2004ko apirilean eratu zen Udaltalde 21 Oarsoaldea lantaldea. Honako hauek dira talde horretako kide: Oarsoaldea SA Eskualdea Garatzeko Agentzia; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintza Saila; IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Erakunde Publikoaren bitartez; Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentua eta Oarsoaldeko 4 udalerriak (Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzun).
Talde honek eskualdean Tokiko Agenda 21 sustatzea hartu zuen helburu nagusitzat, inguruaren etengabeko hobekuntza bultzatze aldera. Horretarako, kontuan hartu ziren ezaugarri eta arazo komunak, bai eta taldean lan egiteak dituen onurak ere.
Tokiko Agenda 21 Lezon
“Iraunkortasunerantz doazen Europako Hirien Gutunarekin” (Aalborgeko Gutuna) bat egitea onartu zuen Udalak 2004ko urrian. Gutuna sinatzearekin batera hasi zen Agenda 21 ezartzeko prozesua. Hiru etapa nagusi ditu:
- Diagnostikoa: bizi kalitatea hobetzeko, ezinbestekoa da udalerriaren benetako egoera zein den jakitea. Horretarako, ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren erradiografia egin zen.
- Ekintza Plana: diagnostikoa oinarri hartuta, udalerriaren etorkizuna eraikitzeko ekintza plana diseinatu zen. Ingurumen, ekonomia eta gizarte arloetako alderdi positiboak indartu eta negatiboak arindu ziren.
- Gauzatzea eta jarraipena egitea: emaitzen bilakaera eta lortutako hobekuntzak neurtu behar dira aldian-aldian.
Lezoko udalerriko iraunkortasunaren diagnostikoa 2005ean egin zen, eta Lezoko Iraunkortasunerako Ekintza Plana 2006ko apirilean onartu zen.