Garbiketa saio honekin faunari eragindako kalteak murriztea lortu da
Aipatutako hondakinek, kalte nabarmena eragiten diote balio altukoak diren natur ingurune hauetako landarediari zein faunari. Gainera, euriteek eta haizeteek eragiten duten hondakinen mugikortasuna aintzat hartuta, itsasora hondakin kopuru handia iristeko arriskua nabarmena da.
Lezoko udalak horrela eskatuta, Urzain-taldeak Lezoko herrigunea zeharkatzen duten Zubitxo eta Bekoerrka erreketan garbiketa lanak amaitu berri ditu. Eta aurreikusi bezala, denetariko hondakinak bildu dituzte: plastiko arin ugari, latak, paper-zapiak, plastiko gogorrak, mota ezberdineko gailuak, eraikuntza hondakinak… Erreka ertzetan nahiz ibilguko landaredian pilatuta dauden hondakin guztiak kendu eta jaso dira, guztira 770 Kg. zabor eta hondakin. Horiek guztiak sailkatu, balorizatu eta Oiartzungo garbigunera eraman dira bakoitza dagokion moduan birziklatzeko.
Hauxe da jasotako hondakinen zerrenda: Ontzi-Arinak (31 kilo); Inerteak/Plastiko gogorrak (110 kilo); Boluminosoak/Oihal ez birziklagarriak (81 kilo) P.V.C-a (14 kilo); Metala (42 kilo); egurra (78 kilo); beira (42 botila eta poto); papera/Kartoia (3 kilo); arropa (8 kilo), toallitak (26 kilo); hondakin elektronikoak (32 kilo); eraikuntza hondakinak (326 kilo).
Aipatutako hondakinek, kalte nabarmena eragiten diote balio altukoak diren natur ingurune hauetako landarediari zein faunari. Eta bilketa lan hori egiten ez bada, euriteen eta haizeteen ondorioz, hondakinek duten mugikortasun altua ikusita, itsasora hondakin kopuru handia iristeko arriskua nabarmena da. Beraz, Lezoko udalak martxan jarri duen garbiketa saio honekin, kutsatzaile plastikoek faunari eragindako kalteak murriztea lortu da; naturgune hauetan bizi den faunarentzako habitat-baldintzak hobetzea lortu da; ur esparruetan dauden kutsatzaileen kargak murriztea lortu da; eta, aipatu bezala, naturgune hauetatik Itsasora iristen diren hondakinak %90 murriztea eta kontrolatzea lortu da.