Bertako 4 zuhaitz espezie landatu dira.
Joan de ostiralean, martxoak 10, Lezo Institutuko 4. mailako ikasleek bertako lau zuhaitz espezie landatu zituzten Altamira parkean: Sagarmina, Makatza, Basaerramua eta Hostazuria.
Izan ere, Udalak Altamirako bigarren igogailua egiteko obra-lanetan, bertan zeuden 21 zuhaitz moztu behar izan zituen eta, horren ordainetan, beste hainbeste ale landatu ditu, guztiak espezie autoktonoak eta landatutako eremurako egokiak.
Aldez aurretik, Lezoko Udaleko lorazainek hainbat azalpen eman zituzten eta, ondoren, landaketan lagundu zuten.
Duela bi urte, Udalak Lezo Institutuko patioaren aurreko eremu bat sasiz eta sastrakaz garbitu zuela aprobetxatuz, bertako beste lau zuhaitz espezie (Gurbitza, Haritza, Ametza eta Gorostia) landatu zituzten ikasleek. Oraingo landaketa egin aurretik, ale hauen egoera ezagutu dute eta, gurbitza, bereziki, nola hazi den ikusteko aukera izan dute.
Joxean Sanchez, Ingurumen zinegotziaren ustez, “ekitaldi honen bidez agerian utzi nahi dugu Lezok ingurumena zaintzen duela. Belaunaldi berriak kontzientziatzeko balio izan du eta gure ingurunea eta ondare naturala ahalik eta gehien zaindu behar dela adierazteko”.
Lezoko Udalaren laguntzarekin ikasleek zuhaitz landaketa sinboliko hauek errepikatzeko asmoa agertu du Lezo Institutuak, ikasleek ikasketak amaitu eta ikastetxea uzten dutenean beren aztarna bertan gera dadin.
Garapen Iraunkorrerako Helburuak eta Eskolako Agenda 2030 etorkizuneko oinarri
Ikastetxeak, herri, eskualde, eta gizarte baten parte diren heinean, ezin dira eremu isolatu moduan tratatu. Hala, ikasleek euren eskola-ingurunetik gertu dauden egoera errealak ezagutzea komeni da, eta horiei buruzko hausnarketak eta eztabaidak bultzatu behar dira. Horrela, arazo egoera horiek hobetzeko asmoak eta proiektuak sustatuko lirateke hezkuntzan, eskola bera kokatua dagoen ingurunearen parte sentiaraziz. Hala, ikasleak euren herriaren egunerokoaren parte sentituko dira, bertako arazoetan parte hartuz eta horiei aurre egiten irakatsiz.
Ikasleek Eskolako Agenda 2030 proiektuaren baitan “Lehorreko ekosistemak” izeneko Garapen Iraunkorrerako Helburua landu zuten 2020/2021 ikasturtean eta herriko basoak, zuhaitzak eta berdeguneak ezagutu, horien egoera aztertu eta hobekuntzak egiteko konpromisoa hartu zuten.
Modu honetan, naturaren aldeko ekimenekin ikasiz eta haziz, ingurumenarekiko ardura duten herritarrak bilakatuko dira Lezoko garapen jasangarria bermatuz.