Eguraldiak lagunduta, Lezoko haur, gazte zein helduek jai giro paregabean bizi dituzte Santakrutz jaiak.
Udalak festetan izandako parte hartze aktiboa nabarmendu du eta eskerrak eman dizkie Jai Batzordeari zein herritarrei jai giro aparta sortu eta festez gozatu izanagatik.
Asteburu luze eta paregabe baten ostean, atzo gauean agurtu zituzten lezoarrek Santakrutz jaiak. 4 egunez herria musikaz, kolorez eta bereziki jai giroz jantzi da, eta gaurkoan, behin egunerokotasunera bueltatuta, Udalak festen balorazio positibo eta arrakastatsua egin du.
Ildo horretan, eskerrak eman dizkio Jai Batzordeari festen antolakuntzan egindako lanagatik. “Ekintza egitaraua ilusioz eta esfortzuz beteriko lanaren emaitza da eta ekintza zein ekitaldi guztiek herritarren artean izandako harrera ona dira, hain zuzen, lan horren isla”, azaldu dute Udaletik.
Horrez gain, udal ordezkariek herritarren parte hartze aktiboa ere nabarmendu dute. Izan ere, eguraldia lagun izan da eta lezoarrak, haur, gazte zein helduak, kalera irten eta festez gozatu dute berdintasunean eta errespetuz, guztiok elkarrekin, jai giro aparta sortuz.
Ekintza eta ekitaldiak, beraz, jendetsuak izan dira, hala nola jubilatuen bazkaria, arrantzale eta tartekoen bazkaria, helduen danborrada argiztatuta, igande arratsaldeko dantza emanaldiak, Kukai eta Brodas Bro eta Valentziako Maduixa taldeak eskainitakoak, su artifizialak…
Laburbilduz, aurtengo Santakrutzak jai giro ederrean joan dira eta herritarrek gogoz gozatu eta agurtu dituzte herriko jaiak. Orain, Gabonetako festen zain geldituko gara.