Urteroko ohiturei jarraiki, igandean San Joan sua piztuko da urteko buruhausteak alde batera utzi eta elkartasunean, lagun zein familia giroan momentu berezi horretaz gozatu eta uda sasoiari ongietorria emateko.
Konturatu garenerako urte erdia igaro da; atzean utzi ditugu jada neguko egun hotz eta ilunak eta ateak zabaldu dizkiogu, irrikaz, epeltasun eta argitasunari. Hasiak gara dagoeneko uda giroa sumatzen eta giro hori helduta, azken urteetako tradizioari jarraipena emanez, hilaren 23an, ohikoa den bezala, San Joan sua piztuko da, bi aldiz, Gurutze Santuaren plazan.
Lehena 19:45ean izango da. Murixka Dantza Taldeko neska-mutilek emango diote hasiera ekitaldiari, beraien lokaletik abiatuta Gurutze Santuaren plazara bitarte dantza emanaldia eskainiz. Bertan, Munttar txistulari taldeak lagunduta, zuhaitzaren inguruan dantzatuko dute.
Iluntzeko 22:00etan, aldiz, helduen txanda izango da eta suaren aurrean aurresku herrikoia dantzatu ahal izango dute bertaratzen diren lezoar guztiek.
Atera gaitezen guztiok kalera eta San Joan suarekin utz ditzagun atzean urteko pasarte txarrak zein buruhausteak eta ospa dezagun udaren iritsiera, ikasturte amaiera edota oporraldia!
Musika Bandaren kalejira
San Joan suaz gain, hilaren 23an, Tomas Garbizu Musika Eskolako banda arratsaldeko 19:00etan aterako da Musika Eskola bertatik eta kalejiran, herriko kaleak alaitu eta girotuko ditu.