Udalak proiektuan lan egiten duten antolatzaileei eskerrak eman nahi dizkie.
Lezoko Zinema Ttikiaren balantzea oso positiboa izan zen 2021ean. Pandemia garaian, aforoan murrizketak egonik eta musukoa erabiltzeko beharra bazegoen ere, 20 pelikula eskaini zituzten Gezalan.
Haurrentzako 10 film izan ziren eta familientzako beste 10. “2020 urteko emanaldiak pandemia dela bukatu ezinik geratu zirela kontuan hartuta, 2021 urtean gogoz ekin genion” azaldu du Ager Arrietak, ekimenaren antolatzaileak. “Jendearen aldetik ere gogoak nabari ziren “normaltasun” txiki batera bueltatzeko eta erantzuna ona izan genuen film emanaldietan, nahiz eta aforoa murriztua izan genuen urrira arte” gaineratu du.
Haurren filmeetan entretenimenduaz gain, ahal den neurrian hezkuntza zentzua duten filmak bilatzen saiatzen dira hilabetero. Familia filmeetan, berriz, gai desberdinak jorratu dituzte, sozialak, politikoak, ekologia... entretenimendua ere ahaztu gabe. Familientzako film emanaldi batzuetan zuzendari eta egileen presentzia izan zuten emanaldiaren ondoren solasaldia eginez beraiekin.
“Beti ere, filmak euskaraz izan dira; euskara eta aisia lotuz zinemaren bidez, zine zaletasuna, kultura eta euskara bultzatzeko asmoarekin” gaineratu du Arrietak.
2021 urtean zehar, kolaborazio ugari egin zituzten herriko talde desberdinekin; Etxetxo, Gaxuxa... edo Gezalan antolatzen diren herri ekimen desberdinekin.
Eta 2022rako ideia interesgarriak dituzte eta lan egiteko gogo handia. Asteburu honetan, urteko lehen filma eskainiko dute, urtarrilaren 16ean, 16:30ean, “Kranston ikastetxea: munstroen eskola” eskainiko dute. Gonbidapen sarrerak, Lezoko Udaleko webgunean eskura daitezke.
Lezoko Udalak, berriro ere, herriarentzat antolatzen duten ekimen polit hau antolatzeagatik eskerrak eman nahi dizkie antolatzaileei.