Dantzari lezoarrak garaikurra utzi du Lezoko Udalean, datorren urtera arte behintzat.
Mikel Esnaola dantzari lezoarrak irabazi zuen Hondarribian ospatu zen gipuzkoar erako Euskal Herriko Aurresku Txapelketa.
375 puntu baino gehiago lortu ondoren, Dantzarien Biltzarraren trofeoa, Hondarribiko Udalaren trofeoa eta txapela jaso zituen. Horrez gain, herrira ekarri du Tomas Murua eskultorearen lana. Garaikurra Lezoko Udalak jasoko du hurrengo urteko txapelketara arte (3 urte jarraian irabaziko balu, betirako geldituko litzateke garaikurra herrian).
Hori dela eta, udal ordezkariek, Zubitxo Dantza Taldeko kide eta lagunekin batera, omenaldi goxoa egin diote Udal Areto nagusian. Hunkituta, hitz batzuk bota ditu dantzari lezoarrak “lan asko egin dugu garaikur hau irabazteko eta orain herriari eman nahi diot”.
Mikel Arruti alkatea, Jon Legorburu, Mireia Kuesta eta Miren Ormazabal zinegotziak omenaldian izan dira. Alkateak harrotasunez hitz batzuk eskaini dizkio txapeldunari eta dantza maitatzen duten herritarrei “eskerrik asko Mikel. Oso pozik gaude eta guretzako ohore bat da lezoar batek sari hau irabaztea. Beti esan dugu herri batek duen esentzia nagusietakoa bere nortasuna dela eta dantza oinarri sendoetako bat da Lezon: gure kultura da, euskal kultura da… eta aldarrikatzeko balio duen egitasmoa ere bada. Zorionez, lehendik ere Lezon badugu beste garaikur bat, Lourdes Esnaola eta Joxe Juan Ugalde bikoteak lortu zutena (txapelketa 3 urtez jarraian irabazi ostean). Horrek guztiak, Lezo lehendik ere dantzatzen zuen herria zela esan nahi du, eta gaur egun ere, zorionez, emari horrek bizi bizirik jarraitzen duela. Dantzari gazteak ditugu eta harrobi oso polita ere bai. Mikelez gain, 3 lezoar izan ziren txapelketan eta hiruak sailkatu ziren finalerako (Mikel Esnaola, Ane Jaunarena eta Endika Osa). Lezon dantza bizirik eta indartsu dago eta guretzako hori da garrantzitsuena. Finalean Miren zinegotziarekin batera egon nintzen eta oso hunkituta eta harro sentitu ginen dantzatzen ikusi zintuztegunean”.
Omenaldian, Lezoko harmarria oparitu dio alkateak Mikel Esnaolari. Ondoren, bere dantza taldeko kideek txapela jarri diote txapeldunari eta aurreskua dantzatu diote Udal Areto Nagusian famili argazkia atera aurretik. Zorionak eta eskerrik asko, Mikel!