1996.eko Irailaren 26ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko irailaren hogeita seigarrena. Arratseko zazpietan hasi du OSOKO BILKURAK, lehenengo deialdiari jarraiki, EZ OHIKO ETA PREMIAZKO SAIOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, Mikel Arrizabalaga Pikabea, alkatea, lehendakari dela eta beste zinegotzi hauek bertan direla: Jesus Mª Etxebeste Bengoetxea, Mª Maixabel Unzain Zapiain, Agustina Pontesta Garmendia, Jose Luis Ruiz Navarro eta Jone Salaberria Lizarazu.

    Mirari Recalde Gonzálezek, Iñake Urrestarazu Azurmendik eta Jesus Mª Martiarena Jakak adierazi diote alkateari bilkurara ezin etorria.

    Jose Mª Boto Sancho, Nicanor Barradas Piris, Pello Garbizu Azkue eta Rafael Salaberria Etxezurieta ez dira bilerara etorri.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza.

    0.- SAIOAREN PREMIAZKOTASUNA BERRESTEA.

    Aretoan diren sei zinegotzien adostasunarekin, bilkura egitea erabaki da, deialdiaren urgentzia berretsiz.

    1.- MOZIOA, AUTOBIAREN AURKAKO AKANPADAKOEK AURKEZTUA HAN IZANDAKO GERTAKARIEN GAINEAN.

    Agustina Pontestak mozioa irakurri du. Honela dio mozioak:

    "Autobiaren aurka Altamira auzoan antolatutako akanpada hasi ezkeroztik, Ertzantzaren jarrera erabat kontrolatzaile eta jasanezina izan da.

    Akanpaldia hasi baino ordu batzuk lehenago, ertzantza akanpaldiko bide guztietan jarri zen jendea beldurtu eta uxatu nahiean. Beranduxeago Altamirako auzo elkarte inguruan zegoen jende guztia identifikarazi eta bideoz grabatua izan zen, nahiz akanpaldikoak, nahiz auzoko bizilagun, bisitari edo paseatzen zebiltzanak.

    Ertzantzaren jarrera probokatzaile eta onartezin honen barruan, atzo osteguna irailak 19an, akanpaldian parte hartzen ari den Mikel Alvarez atxilotu zuten eta beste hainbat lagun gas lakrimogenoz intoxikatu. Gauean berriz, eta Altamira auzoan zehar 200 bat pertsonek protesta manifestazio bat burutzen ari zirenean, Ertzantzaren aktuazio berri bat egon zen. Furgonetak jendearen erditik abiadura haundiz pasatuz eta manifestaldia bera gelditu eta bertan behera utziaraziz.

    Akanpadako ekitaldi batean parte hartzen ari zen gaztearen atxiloketa eta orokorrean ematen ari den errepresioa ikusirik, zera eskatzen diogu Lezoko Udalari:

    1.- Mikel Alvarezen atxiloketa salatzea eta gazte honi, Lezo herriaren eta bere Udalaren babesa ematea, Ertzantzak bere aurka jarri duen salaketari aurre egiteko defentsa gastoak beteaz, eta Mikel Alvarezek Ertzantzaren aurka jarri duen “akusazio faltsuen “ salaketarekin Udala bera AKUSAZIO PARTIKULAR bezala aurkeztea.

    2.- Akanpaldian burutzen ari diren ekitaldi guztien aurrean Ertzantzak duen jarrera errepresiboa ikusirik, udal honek akanpaldiko egitarauarekin bat egitea eta herritarrei bertan parte hartzeko deialdia egitea. Bereziki, datorren igandea irailaren 22an eguerdiko ordubatean, Altamira auzotik hasi eta herriko plazan bukatuko den manifestazioa.

    3.- Berriro ere, Lezoko herria Oreretako Sahiesbidearen aurka dagoela azpimarratzea eta lezoarrek, inposaketa honi aurre egiteko ditugun eskubideak errespetatzeko eskatzea.

    4.- Hartutako erabakiak, bai herritarren esku eta baita komunikabideei ere bidaltzea."

    Alkateak dio plenoa gaur egitearekin zenbait puntuk gaurkotasuna galdu dutela, baina, hala ere, bat egiten dutela mozioaren puntu guztiekin.

    Era berean, adierazi du Udal honek salatu egin duela Ertzantzak akanpatuekin izandako errepresioa, eta bere kexa adierazi diela Ertzainburuei.

    Ondoren, bilkuran den jendearen eta zinegotzien arteko elkarrizketa sortu da, jendeartekoek Udalaren moteltasuna azpimarratuz eta gai honi erantzun azkarra ez emana salatuz.

    Alkateak pleno eskaera asteburuan egiteari atxikitzen dio mozioak gaurkotasuna galtzea.

    Eztabaida bukatu ondoren, mozioa bozkatu eta bertan diren zinegotzi guztien baietza jaso du.

    2.- MOZIOA, LEZOKO AUROBIAREN AURKAKO HERRI EKIMENAK AURKEZTUA AUTOBIAREN KONTRAKO KANPAINAREN GAINEAN.

    Agustina Pontestak mozioa irakurri du. Honela dio mozioak:

    "Pasa den astean buruturiko kanpaldiaren barnean ospatutako manifestazioaren amaieran, Herri Ekimen honek dei egin zien herritarrei autobiaren aurkako borrokan jarrai zezaten. Proposamen zehatz bat eginez, balkoietan "AUTOBIARIK EZ" dioten oihalak jartzen.

    Udal honek behin eta berriro kaleratu du autobiaren ezezkoa, horregatik hurrengo batzarrean honako bi puntuok eztabaidatu eta erabaki ditzan proposatu diogu.

    1.- Herri Ekimenaren deialdia jarraituz, "AUTOBIARIK EZ" jartzen duen oihal haundi bat jartzea Udaltetxeko balkoi nagusiko erdialdean.

    2.- Herritarrak bere balkoietan ere "AUTOBIARIK EZ" dioten oihala jartzera deitzea."

    Bozketa egin ondoren, mozioa ahobatez onartu da.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gaiarik ez dagoenez, alkate-lehendakariak, 19:15ean, buru eman dio bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta jaso eta nere sedespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu duguna.

    Eguna